Euskal Errugbi Liga
Aviron Bayonnais vs Biarritz Olympique, larunbatean, zuzenean, EiTBn
eitb.eus
Goizeko 12:00etan jokatuko da Euro Basque Rugby Challenge-Euskal Errugbi Ligako lehen jardunaldia Ordizian.
Aviron Bayonnais, Biarritz Olympique-Pays Basque, Anglet eta Ordizia taldeak lehiatuko dira larunbatean, irailaren 7an, Ordiziako Altamira estadioan (Gipuzkoa), Euro Basque Rugby Challenge-Euskal Errugbi Liga lehiaketaren lehenengo edizioa eskuratzeko helburuarekin.
Mugaz gaindiko txapelketaren lehen irabazlea honako norgehiagoka hauetan erabakiko da: eguerdian, Biarritz Olympique eta Aviron Bayonnais arituko dira (12:00, ETB1en eta eitb.eus-en) eta, arratsaldean, Anglet eta Ordizia (16:00). Talde horiek bi partidetan lortzen dituzten puntuazioen arabera eta lehiaketan zehar izandako emaitzen arabera erabakiko da irabazlea, Eusko Jaurlaritza Kultura eta Hizkuntza Politikako Saileko iturriek jakinarazi duenez.
EBRC-Euskal Errugbi Ligako 1. Serieko lehen edizioaren irabazlea partida bakarreko finalean erabaki behar bazen ere, sailkapeneko parekotasunagatik eta Biarritzen antolatutako G-7 gailurraren ondorioz (hiru partida bertan behera geratu ziren), formatu honetan erabakiko da. Nolanahi ere, EBRC-Euskal Errugbi Ligako Kirol Batzordearen erabakiak "ikuskizun bikoitza" ekarriko du azken jardunaldian.
"Hasierako asmoa zen Ordiziako Altamira estadioak final bakarra hartzea, baina txapelketaren garapenak planak aldatzera behartu gaitu. Uste dugu lehen edizio hau modurik hoberenean itxiko dela, maila handiko bi partidarekin, Biarritz Olympique eta Aviron taldeen arteko derbia barne dela", adierazi du Iñaki Laskurain Euskal Errugbi Federazioko presidenteak.