Txapeldunen Liga
Bidasoa Irunek multzoko lidertza ziurtatu du, Sportingen aurka berdinduta
A.B.
Azken segundoan sartutako gol bati esker berdindu du 9. jardunaldiko partida (32-32) talde gipuzkoarrak, eta C multzoko lider gisa amaituko du multzoen fasea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bidasoa Irunek berdindu egin du Sporting Portugalen aurka (32-32), azken segundoan sartu duen gola bati esker, eta Txapeldunen Ligako C multzoko lidertza ziurtatu du. Talde gipuzkoarra multzoko lehen sailkatu gisa pasako da final-zortzirenen atariko kanporaketara.
Gaizki hasi da neurketa Bidasoa Irun taldearentzat, Sporting 0-3 aurreratu baita. Partida hasiera ez da ona izan euskal taldearentzat, baina 2-5ekoaren ostean, Bidasoa hobetzen hasi da, eta aldeak murriztea lortu du (4-5). Ondoren, etxeko taldea nagusi izaten hasi da, norgehiagoka berdindu duelarik (8-8). Zortzinakoaren ostean etorri da talde gipuzkoarraren momentu onena, aurrea hartu (10-8) eta lau goleko abantaila eskuratu baitu (14-10). Sporting, ordea, ez da urduri jarri, lanean jarraitu du, eta Bidasoa Irunen joko onari aurre egitea lortu du, aldeak murriztuta eta partida berdinduta (15-15). Jarraian, gol bateko errenta erdietsi du Portugalgo taldeak, baina azken jabetzan Bidasoak gola sartu du, eta neurketa berdinduta heldu da atsedenaldira (16-16).
Bigarren zatiko hasierako hiru minutuetan parekotasuna izan da nagusi, eta horren adierazle markagailuak erakusten zuen emaitza: 17-17. Ondorengo minutuetan, aldiz, Sporting nagusi izan da, eta bi goleko errenta eskuratu du (18-20 eta 20-22). Partidako 45. minutuan, Bidasoa Irunek lehia berdindu du (23-23) defentsako lana hobetzeari eta erasoan asmatzeari esker. Ondorengo minutuetan, berdinketak bata bestearen ostean etorri dira (24-24, 25-25, 26-26, 27-27, 28-28 eta 29-29). Sporting, Bidasoa baino finago ibili da erasoan partidako azken txanpan, eta bi goleko abantailarekin heldu da amaierako bi minutuetara (29-31). Partida amaitzeko sei segundo falta zirenean, Bidasoa Irun gol bategatik galtzen joan da, azken jabetza alde izan duelarik; azken erasoan gola sartu du etxeko taldeak, eta partida berdinduta (32-32) multzoen fasea C multzoko lehen postuan amaitzea lortu du.
Fitxa teknikoa:
32 – Bidasoa Irun (16+16): Ledo (a), Orbovic, Zabala (2), Odriozola (8), E. Salinas (1), Barthe (2), Tesoriere –hasierako taldeal–, Rangel (o.a.), Cavero (3), Crowley (2), Serrano (1), De la Salud (5, 1p), Renaud-David (2), Azkue (6, 1p), Da Silva eta Seri.
32 – Sporting CP (16+16): Cudic (p), Vieira (1), Carol (9), Bingo (2), Ghionea (4, 2p), Vujin (4), Frade (4) –hasierak taldea–, Veitia (1), Araujo (4), Ruesga, Rocha (2), Carneiro (1), Tavares, Gaspar (o.a.), Mladenovic y Nikcevic.
Emaitza bost minutuero: 2-5, 5-6, 12-9, 15-12, 16-16 (atsedenaldia); 17-20, 18-21, 22-23, 25-26, 27-28 eta 32-32 (amaituta).
Epaileak: Kirkholm eta Mortensen (Danimarka). Odriozola eta Da Silva Bidasoako jokalariak egotzi dituzte, baita Veitia, Rocha, Frade eta Carol (2) Sportingeko jokalariak.