Abenduaren 2-4
Espainia Sevillan saiatuko da bosgarren aldiz Davis Kopa lortzen
Erredakzioa
Sevilla aukeratu dute abenduaren 2tik 4ra jokatuko den Davis Kopako finala hartzeko. Aurten, Espainia eta Argentina izango dira aurrez aurre, garaipenaren bila.
Lau ziren final hori hartzeko hautagaiak (Madril, Malaga, Sevilla eta Valentzia), baina antzina Hispalis izenaz ezagutzen zen hiria hautatu du Espainiako Tenis Federazioak azkenean, hasiera batean aukera gehien omen zituen hautagaitza, Valentzia, baztertu ondoren.
2011ko Davis Kopako finala antolatzeko borroka irailaren 18an hasi zen, Frantziaren kontra finalaurrekoa jokatu eta irabazi eta gero. Madril, Malaga, Sevilla eta Valentzia hiriek finala hartzeko interesa agertu zuten, eta Espainiako hiriburua izan zen atzera egin zuen lehena, Espainiako taldekide gehienek itsas mailan jokatu nahi zutelako. Ondoren, Malagak ere egin zuen atzera borroka horretan.
Azkenik, Sevilla eta Valentzia geratu ziren, eta Espainiako Tenis Federazioak, horiei jarritako betebehar guztiak aztertu ondoren, lehenengoa aukeratu du finala hartzeko. Hori dela eta, Sevillak Davis Kopako finala hartuko du bigarren aldiz; Cartujako estadioan, hain zuzen.