Eskubaloia
Bidasoa Irun Europako Ligatik at geratu da, Nexeren aurka porrota jaso ostean
Erredakzioa
Talde gipuzkoarrak hiru goleko abantaila lortu zuen bigarren kanporaketako joaneko partidan, baina itzulikoa bost golegatik galdu du (29-24) eta ez du multzoen fasea jokatzeko txartela lortu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bidasoa Irun Europako Ligako multzoen fasetik at geratu da. Talde gipuzkoarrak ez du sailkapena lortu, RK Nexeren aurka jokatutako bigarren kanporaketako itzuliko partida 29-24ko emaitzarekin galdu ostean. Bidasoak hiru goleko abantaila eskuratu zuen joaneko neurketan, baina bost golegatik galdu du itzulikoa eta ez da multzoen fasean egongo.
Hasiera ona ema dio partidari euskal taldeak, lehen minutuetan bost goleko abantaila lortuta (1-6). Hala ere, etxeko taldeak azkar erantzun du, eta desabantaila murriztea lortu du (6-7, 15. minutuan). Ondoren, Nexek lehia berdindu du (8-8, 19.minutuan), jarraian aurrea hartu duelarik (9-8, 20. minutuan). Lehen zatia bukatzeko bi minutu geratzen zirenean hiru goleko errenta eskuratu du etxeko taldeak (12-9), baina Bidasoa Irunek bi golera murriztu du desabantaila atsedenaldira iritsi aurretik (13-11).
Bigarren zatiaren hasieran nagusi izan da RK Nexe, eta sei goleko errenta erdietsi du (18-12, 43. minutuan). Pixkanaka, Bidasoaren jokoak hobera egin du, eta talde gipuzkoarrak neurketa berdindu du (22-22) amaierarako hamar minutu falta zirenean. Bost minutu pasa ondoren, ordea, Nexek berriro hiru goleko abantaila eskuratu du (26-23, 55. minutuan). Maldan gora jarri zaio norgehiagoka talde irundarrari, eta ez da desabantaila murrizteko gai izan. Partida azken minutuan sartu denean lau goleko errenta lortu du etxeko taldeak, Bidasoak huts egin du erasoan, eta RK Nexek sailkapena biribildu du, 29-24ko emaitzarekin garaipena lortuta.
Fitxa teknikoa:
29 – Nexe (13+16): Car (a), Mileta (1), Buvinic, Jelinic (4), Pesic, Kevic (2), Jaganjac (6) –hasierako taldea–, Radovanovic (oa), Bakic (2), Mrdenovic, Barisic, Vida, Severec, Rodin (5), Vozab (4, 2p) eta Pribetic (5).
24 – Bidasoa Irun (11+13): Ledo (a) (1), Crowley (1), Racotea (4), Odriozola (7), Aginagalde (5), Tesoriere, Da Silva, Bartok (1) –hasierako taldea–, Sierra (oa), Cavero, Zabala, Serrano, R. Salinas (4), De la Salud (1), Azkue eta Bonanno.
Emaitza bost minutuero: 1-4, 2-7, 6-7, 8-8, 10-8, 13-11 (atsedenaldia); 16-12, 20-16, 22-19, 22-22, 26-23 eta 29-24 (amaiera).
Epaileak: Nikolic eta Stojkovic (Serbia). Jelinic (2) Nexeko joklaria kanporatu dute eta bi minutuz zigortu dituzte Racotea, Bartok eta Odriozola Bidasoa Irungo jokalariak.