Itxi

Komunikatua

Jarduera federatua eta eskola kirola bueltatzea eskatu dute

eitb.eus

Leer en Castellano

Lau kirol-federazioen batasunek baimena eskatzen dute kirol-federatuko eta eskola-kiroleko jarduerarako.

Kirol eskola

Lau kirol-federazioen batasunek (Euskal Kirol Federazioen Batasuna EKFB-UFDV, Arabako Kirol Federazioen Elkartea A.F.D.A., Bizkaiko Kirol Federazioen Elkartea ASFEDEBI eta Gipuzkoako Kirol Federazioen Elkartea AFEDEGI) baimena eskatzen dute kirol-federatuko eta eskola-kiroleko jarduerarako.

Euskadiko Kirol Federazioen Elkarteen jakinarazpena:

Kirol-testuinguru arautuan eta ofizialean erraza da covidaren aurkako araudia aplikatzea, eta erraz ezarri eta betearazi ahal da, aurretik ordenari, araudiari eta erregelamenduei lotutako sistema bat baitago, bai eta, betetzen ez bada, diziplinari ere.

Horregatik, kirol-arduradunak dira eremu seguruak, talde kontrolatuak eta burbuila-taldeak sortzen laguntzen duten eragileak, osasun-agintariek onartutako protokoloekin.

Kirol-jarduera arautu eta ofizialaren aldian, eskola-adinean dauden haurrak kontrolatutako espazioetan eta aldietan entrenatuko dira, eta osasun-arauak aplikatuko zaizkie, ikastetxeetan baino talde txikiagoetan, eta askotan aire zabalean. Aitzitik, haurrek parkeetan eta plazetan beren kabuz egiten dituzten jolasek ez dute inolako agintariren zaintzarik (ez dago poliziarik parke eta plaza guztiak kontrolatzeko), besteak beste, garbitzeko, maskarak jartzeko eta gehieneko kopuruak finkatzeko protokoloak aplikatzeko.

Bestalde, eskola-kirola etengabeko prestakuntza-jarduera da, eta, diziplina akademikoen irakaskuntzan bezala, hura gelditzeak etengabeko hazkundea eta prestakuntza galtzea dakar.

Horregatik guztiagatik, eskola-jarduera eta jarduera federatu ofiziala eta arautua gelditzeak kalte larriak eragiten dizkio osasunari, oro har, eta bide ematen du eskola-adinean dauden haurren arautu gabeko aldiak egon daitezen; horrela, jarduera bera egingo dute inolako kontrolik gabe eta osasun-protokoloak aplikatu gabe.

Beraz, hori lagungarria da COVID-19a hedatzeko, osasun fisikoa eta mentala okertzeko, lan-jarduera bat eteteko, eta, azken batean, agerian jartzen du ez dela ezagutzen jarduera arautu eta ofizialaren sarea eta funtzionamendua.

Hori dela-eta, eskatzen dugu eskolako kirol-jarduera ofizialari eta federatuari berriro ekitea, kirol-sareari eta -egiturari baimentzea osasun-arauak aplikatzeko espazioak sortzen lagundu dezan, zorroztasunez eta langileek gainbegiratuta. Langile horiek, beren borondatez, COVID-19ak eragindako pandemia prebenitzeko osasun-arauak ezartzen eta horien jarraipena egiten lagundu dezakete.