Itxi

Espedizioa

Transantartika: 'Bateria gutxi, lur-eremu eskasa, hotz galanta eta OK'

Erredakzioa

Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak Antartidatik bidalitako azken mezua da.

Argazkia: BAT Basque Team

Orain artekoaren balantzea egiterakoan Vallejoren hitzetan "oso haize gutxi topatu dugu, baina espero genuen hori. Elurraren egoerak bai harritu gaituela, Groenlandian aurkitu genituen sastrugiak eta jakin izan dugunez hemen ohikoak ez direnak. Badirudi neguan izan dituzten ekaitz bortitzek eraginda sortu direla". Gauzak horrela mendizale gasteiztarraren ustez "Hego Poloa oso urruti ikusten dugu baina jarritako epeak ari gara betetzen. 2.500 metroetara heldu bezain pronto orain arte falta izan zaiguna etorriko da; aldeko haize indartsua eta lurraren baldintza egokiak kilometro sorta ederrak egiteko”

Bestalde Alberto Iñurrategi iritzi berekoa da: "Gure helburua orain plateaura iristea da eta behar ditugun haizeak lagun izatea aurrera egiteko. Badugu beste aukera bat mendebaldera abiatuz eta pitzaduraz eta sastrugis betea dagoen eremu honetatik aldendu".

Aurreko eguneko sustoaren inguruan Albertok dioenez "Ez genuen uste hainbeste egunez ikusten ari garen pitzadurak hain errez hautsiko zirenik, baina kontu handiz gindoazen: lera desagertzen zela ikusi nuenean eta Juan arrastaka eramaten zuela nire hasierako erreakzioa, pentsatu gabe, soka moztea izan zen". Gerora Iñurrategik gaineratu zuen “Gertatukoak eragin zuen sustoa baino Juan onik ikustean izan genuen poztasuna geratu zaigu grabatuta”.

Taldekideek bezala Iñurrategik ez du etsi nahi orain arte izan dituzten zailtasunak kontutan hartuta, guztiz kontrakoa: "Tankera honetako espedizioetan nahiko ohikoa da 35 metroko zuloak aurkitzea, arriskua oso handia dela konturatzen zara eta zorte ikaragarria izan dugula baina beti begiratzen diogu jarrera baikorrarekin zeharkaldiari. Nahikoa oztopo baditugu aurretik etor daitezkeen arriskuen zama bizkar gainean hartzeko. Gertatu ezkero aurre egiten diegu eta momentua konpontzen saiatzen gara, gero aurrera jarraituz".

Asteazkeneko zeharkaldiaren laburpena hau izan zen hitz gutxitan; 18 gradu zeroz azpiko hotz jasangarria, ikuspen eskasa, haizerik ez eta baldintza hauekin lerak arrastaka eramateko arazoak, zenbaitetan goraka. Guztira, 17 bat kilometro zortzi ordutan. Prebisioen arabera hurrengo egunetan komunikazio arazoak etor daitezke estaldura dela eta.

Albisteak (2)