Bilboko 4. Tenis Masterra
Bilbo, teniseko izarrak hartzeko prest
Erredakzioa
Ferrer, Feliciano López, Almagro, Simon, Raonic eta Robredo izango dira Bilboko Laugarren Tenis Masterraren jokalari erakargarrienak.
Bilbao Arenak Bilboko Laugarren Tenis Masterra hartuko du pista beltz izugarri batean. Aurreko fasea abenduaren 12tik 15ra arte jokatuko da, eta azken fasea 16tik 18ra. Txapelketa honetan parte hartuko duten tenislari garrantzitsuenak Ferrer, Feliciano Lopez, Gilles Simon, Almagro, Raonic eta Robredo izango dira.
Txapelketa honen berritasunik handiena pista izango da, orain arte inoiz erabili ez den kolore batekoa izango baita: beltza. "Pista beltza izateko aukera eskaini ziguten, eta hasieran ikaratu egin ginen apur bat, inon ez baita halakorik erabili. Baina Bilbon horrelakoak garenez, onartu egin dugu apustua, ondo aterako baita seguru", adierazi du Alberto Larrondok, txapelketaren antolatzaileetako batek.
Gainera, aurreko fasean Bizkaiko jokalaririk nabarmenenak arituko dira, Guillermo Olaso (ATP Tenislari Profesionalen Elkarteko zerrendan, 189.a), Andoni Vivanco, Iñigo Santos eta Hasier Pastor, besteak beste. Javier Marti eta Pedro Clar jokalari espainiarrak ere bertan egongo dira.