Itxi

Afariarekin eta guzti

Transantartika 2011: Gabon zuriak Hego Polotik 340 kilometrora

Erredakzioa

Hego Poloa gertu ikusteak animatu ditu mendizaleak, zeharkaldiaren lehen 40 egunetan pilatutako nekea antzematen zaien arren.

Transantartika 2011. Argazkia: Bat Basque Team

Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalzarentzat oso aldakarorrak izan dira azken egunak. Ostiralean haizerik ez eta indarrak berreskuratzeko aprobetxatu zuten: "Ondo etorri zaigu" zioen Vallejok, baina eguna oso luzea egiten zaigu". Gasteiztarra da normalean komunikazioaz arduratzen dena posta elektronikoaren bitartez eta ez du ohi duen umore ona galdu baldintzak oso gogorrak diren arren. Horrela kontatzen zigun nola bizi izan zuten eguna eta Gabon-gaua: "Haizerik ez eta leretatik tiratzera atera gara gaur ere, azkenean 23 kilometro eta giltzurrunetan min ikaragarria. Hemen gaude, gabon kantak abesten eta sobreko sopa eta gero arroza afaltzen, hori bai, gaur oliba olioarekin. Gehiegikeririk gabe, gero damutuko gara eta".

Igandea, Gabon eguna, hobeto joan zen hirukotearentzat. Dena dela, esfortzu itzela egin behar izan zuten 65 kilometroko ibilbidea bete ahal izateko. Lur-eremuan sastrugiek agintzen dute oraindik arratsalderako hobetzen ari zela ematen zuen arren. Gerora, haizeak behera egin eta kanpalekua eraiki eta desmuntatzera behartu zituelarik eguerdi parterazo.

1.858 kilometro eginda 340 baino ez zaizkie falta Hego Polorako. Mikel Zabalzak hirukotearen animoaren berri ematen zigun berarekin izandako hartu-eman laburrean: "Geroz eta animatuago gaude Hego Poloa gertu dugulako baina pilatu dugun nekea handia da dagoeneko".

Jarraitu Bat Basque Team-en espedizioaren abenturak.

Albisteak (2)