Itxi

Ekainaren 5etik 6ra

Bidasoak Cantabria Sinfinen aurka jokatuko du Asobal Kopako finalerdietan

A. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Sacyr Asobal Kopako XXXI. ekitaldia Santanderren jokatuko da ekainaren 5etik 6ra; hartara, irundarrek etxeko taldea izango dute aurkari.

Rodrigo Salinas, Bidasoako jokalaria. Argazkia: EFE

Sacyr Asobal Kopako XXXI. ekitaldia ekainaren 5etik 6ra jokatuko da Santanderren, eta dagoeneko plazaratu dituzte zein izango diren finalerdietako norgehiagokak.

Horrela, asteazken honetan egindako zozketaren arabera, Bidasoa Irunek Liberbank Cantabria Sinfin etxeko taldeari egin beharko dio aurre finalerdietako batean; beste kanporaketan, berriz, Bartzelona eta Bada Huesca izango dira aurrez aurre.

Barça eta Cantabria Sinfin zozketako taldeburu gisa esku hartu dute zozketan (Ligako lehen sailkatua eta talde anfitrioia izateagatik); beraz, irundarrek bazekiten bi aurkari horietakoren bati aurre egin beharko ziotela finalera iristeko bidean.

Bi finalerdiak larunbatean izango dira, ekainaren 5ean, eta finala hurrengo egunean. Oraingoz ez dira partiden ordena eta ordutegiak ezagutzen.

Jacobo Cuetara Bidasoako entrenatzailea "pozik" agertu da "inork nahi ez duen aurkaria saihesteagatik", finalerdietan Barçaren aurka jokatuko ez dutela erreferentzia eginez. "Garrantzia ematen diogu hor egoteari", adierazi du entrenatzaile asturiarrak, eta azpimarratu du "lehen itzuliko lehen hirurak bakarrik sailkatzen direla, eta Bartzelonarekin batera, azken hiru denboraldietan sailkatu garen bakarrak" direla.

Cuetarak aitortu du taldeak "ilusio handienarekin" bidaiatuko duela Santanderrera, finalerako sailkapena lortzeko, baina finalerdietan "aurten bi partidak irabazi dizkiogun etxeko taldea gainditu beharko du; alabaina, bere jendearen babesarekin eta finalera sailkatzeko ilusiorik handienarekin" jokatuko du; izan ere, helburua da Santanderko Kirol Jauregiak ikusleak izan ditzala harmailetan, osasun-egoeraren bilakaerak hala uzten badu.

Albisteak (2)