Gurpildun aulkiko saskibaloia
Bilboko Bidaideak taldeak Liga irabazi du lehenengoz
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Liga amaitzeko partida bakarra falta denean, euskal taldeak bi garaipeneko aldea du bigarren den Mideba Extremadurarekiko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bidaideak Bilbao taldeak bere lehen liga titulua eskuratu du Gurpildun Aulkiko Ohorezko Mailan, txapelketako azken-aurreko jardunaldian CD Ilunion taldearen pistan 79-82 irabazi ondoren.
Liga amaitzeko partida bakarra falta denean, euskal taldeak bi garaipeneko aldea du Mideba Extremadurarekiko, gaur Fundacion Aliadosi irabazi diona, Valladoliden (56-71). Hain zuzen ere, Valladolideko taldea izango dute aurkari Bidaidekoek datorren larunbatean, Txurdinagan.
Adrian Yañezen taldeak galdu egin zuen duela bi aste Ilunionen aurka, Europako Txapeldunen Kopako hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partidan.
Oraingo honetan, ordea, Bidaideak taldeak tentsio handiko norgehiagoka irabazi du. Lehia oso parekatuta joan da atsedenaldira arte. Bilbotarrak lau puntuz irabazten joan dira aldageletara. Bigarren zatian, ostera, euskal taldeak 16 puntuko aldeaz joan da irabazten.
Asier Garcia, 28 punturekin, izan da Bidaideakeko eta partidako saskiratzaile nagusia. Ilunioni dagokionez, Jacob Williams izan da onena 23 punturekin.
Bigarren titulu ofiziala
Gaur eskuratutako Liga txapelketa, euskal taldeak azken hamarkadan bereganatzen duen bigarren titulu ofiziala da, 2019an Sheffield hirian irabazi zuen Euroliga 1 txapelketaren atzetik.
Bidaideak taldeak denboraldi honetan bederatzigarren denboraldia beteko du Ohorezko Mailan. 2011-2012 sasoian igo zen maila horretara, eta orain arte sailkapen onenak 2013-2014 eta 2017-2018 denboraldietako bigarren tokiak izan dira.