Jardunaldi probetxugarria
Transantartika 2011: Abiadura eta distantzia errekorra
Erredakzioa
Ia 50 kilometro orduko abiaduran Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak 180 kilometro egin zituzten egun bakarrean.
Azaroaren 16an abentura hasi zutenetik jardunaldirik aprobetxagarriena bizi izan zuen asteazkenean NATURGAS/BBK TRANSANTARTIKA 2011 espedizioko kideek. Ia 50 kilometro orduko abiaduran Iñurrategik, Vallejok eta Zabalzak 180 kilometro egin zituzten egun bakarrean, abenduaren 21an ezarritako 155 kilometroko errekorra hautsiz. Haizean, tenperaturan, lur-eremuan, eta gainontzeko baldintzetan izandako hobekuntzak asko animatu du hirukotea. Eta zer esanik ez Thiel-eko mendikatea begi bistan izatea, basamortu zuriko monotonia hautsiz.
Antartika, 2012ko urtarrilaren 4a. Espedizioaren 50.eguna. 2.759 kilometro eginda. BAT Basque Team-eko egoitzara Juan Vallejok egunero igorritako mezua honako esaldiak zabaltzen zuen atzo: Geroz eta gertuago gaude!, eta zailtasunez beteriko 50 egun igaro ondoren hiru mendizaleen poztasunarekin jarraitzen zuen mezuak: “Hego Polotik Hercules badiara doan ibilbidearen erdia egin dugu, altuera galtzen ari gara eta gaur jeitsiera beldurgarriak egin ditugu, 49 kilometro orduko abiadura neurtu dut zenbaitetan; distantzia haundia egin dugula, hori da garrantzisuena eta horrez gain hurrengo egunetarako oso animoso gaudela”
Pozak zoratzen daude, ez da gutxiagorako, NATURGAS/BBK TRANSANTARTIKA 2011 espedizioko kideek lau egunetan Hego Polotik Herculeseko badiara doan ibilbidearen erdia egin baitute. Helmugara hurbiltzeaz gain altuera asko galdu dute, 1.000 metro gutxi gorabehera, eta 1.500 metrotatik behera daude orain. Honek tenperatura jasangarria izatea eragin du eta nahiz eta sastrugiak parez pare dituzten, gainditu dezaketen oztopo bat baino ez da orain.
Aipatutako abantailez gain psikologikoki asko animatu ditu hiru mendizaleak Thiel mendikatea ikusteak. Ia 50 egunez basamortu zuria izan dute bidelagun bakarra eta atzo 2.800 metroko mendikate txiki hori aurrez aurre izateak ospakizunetan murgildu ditu hirurak.
Bere bizitza izoztutako kontinentean utzitako aitzindari batek, Edward C.Thiel-ek, eman zion izena aipatu mendikateari. Sismologo estatubatuarrak ikerketa lanak egin zituen 88 Mendebaldeko meridianoan eta hegazkin istripu batean zendu zen 1961eko azaroan, gaur egun abandonatuta dagoen Wilkes basetik aireratu ondoren.
Mendikate transantartikoan daude mendi hauek, kontinente zuriko ekialdea eta mendebaldea zatitzen dutena. Hortik gertu, Hego Poloko Amudsen Scott basea eta antartikako base pribatu bakarra den Patriot Hills lotzen dituen hegazkinetarako erregaia biltzen duen estazioa dago.