Itxi

Euskal derbia errgubian

Biarritz Olympique Top14ra igo da maila galdu duen Baionaren kontura

A. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Aguilera estadioan jokatutako errugbiko euskal derbia jaurtiketen bidez erabaki da, luzapenaren amaieran 6-6 berdindu ostean.

Biarritz Olympiqueeko zaleak Aguilera estadioaren alboan. Argazkia: EIB Media

Biarritz Olympique izango da hurrengo denboraldian Top14 txapelketan, Frantziako errugbiaren maila gorenean, arituko dena. Haatik, Aviron Bayonnais bigarren mailara jaitsi da, eta ProD2 mailan jardungo du datorren sasoian, Aguilera estadioan jokatutako euskal derbia galdu eta gero. Neurketa hagetarako jaurtiketetan erabaki da, arauzko denbora 3 eta 3ko berdinketarekin eta luzapena 6 eta 6ko orekarekin bukatu ondoren.

Intentsitatez eta urduritasunez beteriko lehia izan da, eta giro bikaina nagusitu da harmailetan, egun guztian zehar gertatu legez. Hori bai, bertaratu diren 5.000 ikusleen arteko gehienak etxekoen aldekoak izan dira. Hala ere, zaleen berotasunak ez du jokoan zein markagailuan isla gehiegirik izan.

Etxekoek hartu dute aurrea 32. minutuan, Germain Boshek gauzatutako zigor-kolpe baten bidez, eta horrela iritsi dira atsedenaldira. Maxime Lafagek partida parekatu du 52.ean, eta emaitza horrekin (3-3) amaitu da norgehiagoka. Ondorioz, luzapenari eman diote hasiera, non talde bakoitzak zigor-kolpe bana baliatu duen markagailuan puntuak biltzeko (6-6). Lehendabizi, Hartek asmatu du etxekoen alde (83. minutua); ondoren, Germainek, bisitarien mesedetan (94. min).

Emaitza horrekin amaitu da lehia, eta, hartara, jaurtiketekin erabaki behar izan dute zein izan behar zen irabazlea, eta zeregin horretan ere estu joan da partida, baina azkenerako zuri-gorriak gailendu dira (6-5).

Bideoak (3)