Kiroljokoa
Athletic, Reala eta Binakako Txapelketan egin apustu
Erredakzioa
Real Madril-Athletic, Reala-Atletico Madril eta pilota partidak jokatuko dira asteburu honetan.
Iritsi da Anoetaren garaia.
Real Sociedad 30% – Berdinketa 30% - At. Madrid 40%
Txuri urdinek etxetik kanpora daramatzaten puntu kopurua ikusita, bere zaleen aurrean ere sendotasuna erakusteko garaia iritsi da. Realak denboraldi honetan bi norgehiagoka bakarrik irabazi ditu Anoetan, eta hori gutxi balitz, aurrean izango duen aurkariak ez du porrotik jaso orain dela bi jardunalditik, Diego Pablo “Cholo” Simeone taldearen zuzendaritza hartu zuenetik.
Hala ere, errealzaleek ez dute esperantzarik galtzen, eta kanpotarren irregulartasuna ikusita puntuak lortzeko aukera ona izan daiteke. Apustularien %40ak garaipena madrildarren alde ikusten badu ere, gogoratu Anoetan azken 20 urteetan garaipen bakarra lortu duela talde zurigorriak.
Liderraren gotorlekuan ustekabea emateko gai izango al da Athletic?
Real Madrid 80% - Berdinketa 15% - Athletic 5%
Irteera zaila tokatzen zaien arren, Real Madrilen aurkako partidek beti pizten dute lehoien gosea. Aurten Bernabeun puntuak atera dituen talde bakarra Bartzelona izan bada ere, bi taldeek daramaten azken ibilbidea ikusita, puntuak lor ditzaketela uste duen zalerik ere bada.
Hala ere, apustulariak ez dira oso baikorrak, baina zurigorriek denetarako gai direla erakutsi dute behin baino gehiagotan. Horrez gain, ikusi beharko da Errege Kopan Bartzelonaren aurkako
porrotak nolako eragina duen etxeko taldean. Estatistikak hautsi eta liderraren gotorlekuan
ustekabea emateko gai izango al da Athletic?
PILOTA:
Pilotazaleen partida gustukoenaren txanda.
Olaizola II – Beroiz 45% vs Mtz de Irujo – Barriola 55%
Pilotazaleak pozik egongo dira asteburu honetako partidarekin. Orain arte erakutsitako mailarekin, emozioz eta interesez beteriko neurketa izango dela aurreikusten da, non bi bikoteen arteko benetako aldea zein den ikusiko den. Ligako lehenengo postua baino askoz gehiago dago jokoan.
Kuotak ikusita badirudi Irujo eta Barriola direla faborito, baina maila honetako norgehiagoketan edozer gauza izaten da posible.