Atletismoa eta piraguismoa
Asier Martinezek eta Iñigo Peñak seigarren postuan bukatu dituzte beren finalak
I. R. | EITB Media
Asier Martinez nafarrak bere marka hobetu du hesidun 110 metroko probako finalean, baina ezin izan du podiumera igo. Iñigo Peña zumaiarrak ez du emaitza hoberik lortu K2-1.000 metroko finalean, eta domina eskuratzeko borrokan aritu diren kayaken atzetik heldu da helmugara, segundo batera.
Asier Martinezek eta Iñigo Peñak ezin izan dute domina olinpikoa irabazi oraingoan. Nafarrak seigarren postu bikaina lortu du Tokioko Olinpiar Jokoetako hesidun 110 metroko finalean. Gipuzkoarra, bere aldetik, Paco Cubelos kidearekin batera, K2-1.000 metroko probaren finalean podiumera igotzeko esperantzarekin abiatu da, egungo munduko txapeldunorde baita, baina ezin izan du domina lortu; bi piraguisten ontziak seigarren postuan bukatu du, podiumetik segundo batera.
Hala, diploma olinpikoarekin bueltatuko dira biak etxera.
21 urteko nafarrak gora egin du proba batetik bestera, eta bere marka guztiak hautsi ditu: 13.32ko denborarekin irabazi zuen sailkapen-proba, eta 13.22 eginda amaitu du finala.
Martinezek ez du oso ondo hasi finala, eta, hasiera-hasieratik, Grant Holloway estatubatuarrarengandik eta Hansle Parchment eta Ronald Levy jamaikarrengandik urrun aritu da. Hollowayk, egungo munduko txapeldun eta faborito nagusiak, ezin izan dio Parchmenti aurrea hartu, eta jamaikarrak lortu du urrea, urteko marka onena lortuta (13.04), Hollowayk baino bost ehunen azkarrago; brontzea, berriz, Levyk eskuratu du (13.10).
Peña eta Cubelos piraguistak, bestalde, finalerako sailkatu ziren finalerdian hirugarren postua lortuta. Hala ere, finalean, ez dira posturik onenetan atera, eta probaren erdian lehen sailkatutik hiru segundora zihoazen. Piraguistak gogor aritu dira, baina ezin izan dute tartea txikitu, eta, azkenean, seigarren bukatu dute, podiumetik segundo batera.
Horrela, Jean van der Westhuyzen eta Thomas Green australiarrek irabazi dute urrezko domina, hasieratik bukaerara lehen postuari eutsirik; Max Hoff eta Jacob Schopf alemaniarrak eta Josef Dostal eta Radek Slouf txekiarrak sartu dira ondoren.