ISTRIPUA
Dean Berta Viñales pilotua hil da Jerezko zirkuituan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
15 urteko kirolari gaztea, MotoGP kategorian ari den Maverick Viñalesen lehengusua, Munduko Superbike Txapelketako proba bat korritzen ari zen, lasterketa amaitzeko hiru itzuli falta zirela lurrera joan eta hainbat pilotuk harrapatu egin dute.
Dean Berta Viñales 15 urteko pilotu kataluniarra hil da larunbat honetan Jerez-Angel Nieto zirkuituan, Munduko Superbike Txapelketaren egitarauaren barruan jokatu den Supersport 300 lasterketan izandako istripu baten ondorioz.
Lasterketa amaitzeko hiru itzuli falta zirela, hainbat pilotuk erorikoa izan dute, eta Viñales pistaren erdian geratu da, ibilbidearen erdian, eta atzetik zetozen zenbait pilotuk ezin izan dute saihestu.
Kirol jarduera bertan behera geratu da Jerezko zirkuituan, antolatzaileek jakitera eman dutenez.
Zendu den pilotua, MotoGPko Munduko Txapelketan aritzen den Maverick Viñalesen lehengusua da, eta, 2017an Kataluniako txapeldun izan ondoren, lehen denboraldia zuen Superbikeko Munduko Txapelketan.