Istripua
Bi lagun hil dira Asturiasko rally batean parte hartzen ari zirela
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Kantabriako La Trazada Sport taldeko kideak ziren, eta Altu del Fituko jaitsieran izan dute istripua, harrizko zubi baten aurka talka egin ostean.
Jaime Gil gidaria eta Diego Calvo kopilotua hil egin dira larunbat honetan, Marbella Kopari dagokion Llanes (Asturias) hiriko rallya korritzen ari zirela. Fitu mendateko jaitsieran istripua izan dute, gidatzen ari ziren Seat Marbellak harrizko zubi baten kontra talka egin duenean.
Larrialdietarako zerbitzuak ezbeharraren tokira bertaratu dira, eta kopilotua suspertzen saiatu diren arren, ezin izan dute ezer egin haren eta bere lagunaren bizia salbatzeko.
Bi kirolariak Kantabriako La Trazada Sport taldeko kideak ziren, eta sarritan parte hartu izan dute euskal errepideetan egindako probetan.
Albistearen berri izan bezain laster antolatzaileek bertan behera utzi dute lasterketa.