Erreferentziazko proba
"Hiru Haundiak" mendi lasterketak mila korrikalari bilduko ditu asteburu honetan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Probak 101,6 kilometroko etapa bakarra du, 24 orduko mugarekin. Parte-hartzaileak Murgiatik aterako dira ostiral eta larunbat bitarteko gauerdian.
Mila korrikalarik hartuko dute parte asteburu honetan lehiatuko den "Mila Haundiak" mendi lasterketa ospetsuan, milakoa baita baimendutako parte-hartzaileen kopurua. Ohiko legez, proba Gorbea, Anboto eta Aizkorri mendietatik lehiatuko da.
Erresistentzia handiko mendi lasterketa da, 101,6 kilometroko etapa bakarrean egiten da, 24 orduko gehienezko iraupenarekin. Ibilbideak 5.126 metroko desnibel positibo metatua du.
"Hiru Handiak" 1987. urtean hasi zen, Manuel Iradier Txangolari Elkartearen eskutik. Aurtengoa 22. edizioa izango da, azken hiru urteetan korritzen den lehena. Gaur egun, erreferentziako proba da mendi lasterketen egutegian, eta Mont Blanc ultrafondoko lasterketarako baliagarria da.
Mila korrikalariak Murgiatik aterako dira ostiral eta larunbat bitarteko gauerdian. Guztira, ia 2.500 pertsonak eman zuten 2019an parte hartzeko izena, baina mila dortsal bakarrik banatu dira, zozketa bidez, araudiak muga hori jartzen diolako mendi lasterketen parte-hartzeari.
Parte-hartzea
Parte-hartzaileen % 94 euskal herritarrak dira, eta gainerakoen kasuan, gehienak, Madriletik, Leonetik, Lleidatik eta A Coruñatik datoz. Orotara, 28 probintziatako mendi korrikalariak izango dira Murgiako irteeran.
Antolatzaileek azpimarratu dute, emakumezkoen kopuruak gora egin duela eta aurten % 10etik gora direla.
Bestalde, lasterketaren antolaketan eta ibilbide luzea kontrolatzeko, antolatzaileek 400 pertsona baino gehiagoren laguntza dute, ibilbideko udalen, foru aldundien eta zenbait enpresaren babesarekin batera.