Superwelterra
Kerman Lejarraga KOz gailendu zaio Flatleyri eta Europako gerrikoari eutsi dio
AGENTZIAK | EITB MEDIA
‘Morgako errebolberra’ nagusi izan da uneoro, baina gogotik lan egin behar izan du Boltongo boxeolariaren erresistentzia gogorra hausteko.
Kerman Lejarraga bizkaitarrak Europako Boxeo Batasuneko (EBU, European Boxing Union) superwelter mailako txapeldun tituluari eutsi dio ostiral honetan, Jack Flatley boxeolari ingelesa konorterik gabe utzi baitu bederatzigarren roundean. Borrokaldia Bilbao Arenan jokatu da, 4.000 ikusle bertaratu dituen boxeo-jaialdiaren barruan.
Bederatzigarren round horretatik hogeita hamar segundo baino igaro ez direnean, britainiarraren aurpegian jotako eskuinkada bortitzak azkenerako eraitsi du haren erresistentzia. 'Morgako errebolberra' ia beti nagusi izan da, nahiz eta gogor lan egin behar izan duen Boltongo boxeolaria mendean hartzeko.
Oldarkor hasi da Lejarraga. Lehen asaltoa bukatzeko 20 segundoren faltan, ezkerkada garbi bat sartu dio aurkariaren kokotsera, eta Flatleyk belaunikatu egin behar izan du. Hala, bazirudien etxekoen idoloaren garaipen erreza ikusiko zutela Bilbao Arenara bertaratutakoek.
Ordea, ingelesa bere onera itzuli da bigarren roundean eta kolpe arriskutsuren bat jotzeko gai izan da, bizkaitarraren erasoak geldiaraziz. Lejarragak, beti ringaren erdian nagusi izanik, distantzia hartu eta bere higatze-lanarekin jarraitu du, ezkerrarekin Flatley behin eta berriz mailukatuz.
Laugarren atalean, ingelesaren erreakzioa etorri da, baina Morgakoak ondo eutsi dio, nagusitzen jarraitzeko eta, tentuz izan bada ere, bere kolpeen erritmoa areagotu du, gero eta joago zegoen Flatleyren aurrean.
Zazpigarren eta zortzigarren asaltoak oinaze bat izan dira txapeldungaiarentzat, eta une batez erortzeko zorian izan da. Dena den, bederatzigarrenera arte iraun du Flatleyk, baina hor amore eman behar izan du lurrera bidali duen ezkerkada paregabea jaso duenean. Gainera, zenbait minutuz artatu behar izan dute medikuek, epaileen erabakia entzun aurretik.
Horrenbestez, koroa kontinentalaren borondatezko defentsan lortutako garaipen horrekin, dagoeneko 34 dira Lejarragak (29 urte) bere palmaresean dituen garaipenak, horietatik 25 denbora muga baino lehen lortutakoak.
Riverok galdu egin du
Jaialdiko beste borrokaldietako batean, Guillermo Rivero bizkaitarra Espainiako superertain mailako gerrikoaren bila lehiatu da, baina amore eman behar izan du Damian Biacho 'Guinea'ren aurka. Biacho zortzigarren roundean nagusitu da KO teknikoz (dagoeneko 12 garaipen ditu, horietako lau denbora muga aurretik bereganatutakoak).
Boxeolari madrildarraren garaipen argia izan da, adoretsu jardun duen Rivero baino askoz gehiago izan baita teknikoki zein fisikoki (ziurrena nabaritu egin du ia hiru urte borrokatu gabe egon izana). Lau aldiz bidali du olana gainera madrildarrak getxoztarra, eta azkenerako, borrokaldia geratzea erabaki dute bere bizkaitarraren izkinatxotik.