KORONABIRUSA
Bilbo-Errekalde San Silvestre lasterketa herrikoia bertan behera gelditu da
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bilboko Udalak ez du baimenik eman espazio publikoa lasterketa egiteko erabil dadin, Eusko Jaurlaritzak covid-19aren pandemia geldiarazteko agindutako neurriak aintzat hartuta.
Bilboko Udalak ez du baimenik eman Bilbo-Errekalde San Silvestre 2021 lasterketa herrikoia egiteko, eta, hartara, antolatzaileek proba bertan behera uztea erabaki dute.
Urte amaierako lasterketa herrikoia ostiral honetan, abenduaren 31n, egitekoa zen (16:30). Guggenheimenetik atera behar zuen, eta ordu erdi geroago Errekalde auzoan amaitu, bertan jaio baitzen proba hori.
Bertan izena eman duten 1.740 pertsonak dortsalak hartzen ari ziren aste honetan, baina ezin korrituta geratuko dira, Udalak ofizialki jakinarazi baitie antolatzaileei ekitaldia bertan behera geratu dela.
Antolatzaileek azaldu dutenez, lasterketa beste une batean egiteko aukera bilatzen ari dira.
Bilboko Udaleko iturriek Europa Press albiste agentziari jakinarazi diotenez, lasterketa egiteko espazio publikoa ez uzteko erabakia eguerdian hartu da, Eusko Jaurlaritzak covid-19aren pandemiaren seigarren olatua geldiarazteko agindutako azken neurriak jarraituz.
Hori dela eta, ez da baimenik eman ere Bilbo-Errekalde San Silvestre Txiki 2021 haur lasterketa egiteko. Datorren ostiralean izango zen, 10:00etatik 13:00etara, gutxi gorabehera.