Itxi

KATMANDURA BUELTAN

Alex Txikonek Manasluko behe-kanpalekua utzi behar izan du, elurrak behartuta

A. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Taldeko zenbait kide Katmandura jaitsi ziren atzo bi helikopterotan; beste batzuk, berriz, oinez egin zuten Samagaunera, elur-jausiak izateko arriskuagatik eta datozen egunetarako elur gehiago iragarri dutelako.

Espedizioko kide bat denda batetik elurra kendu nahian. Artxiboko argazkia

Alex Txikonek eta bere taldeak Manasluko behe-kanpalekutik irten behar izan dute, azken orduetan izandako elurte gogorren aurrean.

Taldeak behe-kanpalekuaren % 60 desmuntatu zuen atzo, elur-jausien arriskuagatik. Espedizioko zenbait kide Katmandura jaitsi ziren bi helikopterotan; beste kide batzuk, berriz, oinez egin zuten Samagaunera arte. Txikonek adierazi duenez, asmoa da ekaitzak baretu arte itxarotea, elurra finkatzea eta mendiak berak azken bi aste hauetan botatako elur kopuru handiaren zati bat garbitzea.

"Eusten saiatu gara. Behe-kanpalekuan salbu egoteko lan egin dugu, baina 3 metrotik gorako elur metatua geneukan, elur-jausiak izateko arriskua zegoen (bosteko maila Europako eskalan) eta datozen egunetarako elur gehiago espero denez, atera behar izan dugu handik aldi baterako, gure segurtasuna dela eta", azaldu du mendizale bizkaitarrak.

"Astebeteren buruan, gutxi gorabehera, bueltan izatea espero dugu. Oraindik 40 egun baino gehiago ditugu Manaslura neguan igotzeko erronkari ekiteko", zehaztu du. Bien bitartean, Txikon eta bere taldea erlojuaren kontra lanean ari dira Katmandun, kanpamentu nagusira eramango dituzten material-kargak (banbuak, soka, janaria prestatzeko sutegiak… ) berriro atontzen, planetako zortzigarren mendirik altuenaren gailurrera iristen saiatzeko.

Altuera galtzeak taldeari gorputza oxigenatzeko aukera emango dio. "Mendia maitatu egiten da, errespetatu egin behar da, eta azken egunetan hainbeste elur bota du, ezen kanpamentu nagusian jarraitzea gehiegi arriskatzea zen; beraz, atseden hartzeko aprobetxatuko dugu, eta gogor saiatuko gara berriro. Egun batzuk besterik ez dira, ez dugu galduko lortutako aklimatazioa. Itzuli bezain laster, mendiak aukera ematen badu, lanean hasiko gara", ziurtatu du Txikonek.

Albisteak (1)

Bideoak (9)