Itxi

URRIAREN 8AN

Gorbeia Suzien mendi lasterketak Munduko Kopako finala hartuko du aurten

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Urriaren 8an jokatuko den proba ETB1en eta eitb.eus-en ikusi ahalko da.

Denisa Dragomir, Gorbeia Suzien lasterketako 2021eko ekitaldiko irabazlea. Argazkia: Gorbeia Suzien

Zeanurin (Bizkaia) jokatzen den Gorbeia Suzien probak skyrunning modalitateko Munduko Kopako finala hartuko du 2022ko urriaren 8an, hau da, mendi-lasterketen espezialitateko 40 atleta onenek parte hartzen duten lehiaketa, hain zuzen ere.

Antolatzaileek iragarri dutenez, Munduko Kopa maiatzaren 8an hasiko da Frantzian, eta Portugal, Japonia, Austria, Kanada, Katalunia, Andorra, Norvegia, Suitza, Italia eta Bulgaria igaro ondoren, urriko bigarren larunbatean erabakiko da Gorbeiako aldapetan.

Jurek Ziemkiewicz Gorbeia Suzien probako zuzendariaren ustez, Munduko Kopako finala "erronka handia da, baina baita Zeanuri mundu osoan ezagutarazteko aukera paregabea ere".

"Ilusioz hartu dugu ISF (Nazioarteko Skyrunning Federazioa) erakundearen erabakia, eta, urtero bezala, lasterketa handi, ikusgarri eta erakargarri bat antolatzeko lanean ari gara. Zeanurira datozen pertsonek gozatu egin behar dute", azpimarratu du.

Lasterketak ohiko formatua izango du, hau da, 32 kilometroko eta 21 kilometroko bi proba izango dira. Iaz 800 korrikalari inguru bildu ziren bertan, eta Denisa Dragomir errumaniarrak eta Zaid Ait Malek marokoarrak irabazi zuten.

 

Albisteak (1)

Bideoak (1)