NEGUKO ESPEDIZIOA
Txikonek bertan behera utzi du Manaslura igotzeko saiakera, eguraldi kaskarragatik
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hala jakinarazi du mendizale bizkaitarrak berak behe-kanpelekutik bidalitako bideo batean.
Alex Txikonek espedizioak Manaslura neguan igotzeko saiakera (8.163 metro) bertan behera uztea erabaki du, eguraldi txarra dela eta. Hala, adierazi du mendizale bizkaitarrak berak planetako zortzigarren gailurrik altuenaren behe-kanpalekutik bidalitako bideo batean.
"Gaur da hemen gauden azken eguna. Azkenik, elurra dago iragarrita hurrengo egunetarako, eta jaitsi egingo gara. Ezinezkoa da eta taldea lehertuta dago", azaldu du Txikonek irudi horietan.
"Negu oso txarra izan da: bi egunez elurra egiten izan digu, eta bi egunez eguzkia, eta geneukan energia ahitu digu. Batzuk baikorragoak dira beste batzuk baino, baina argi dagoena da hilaren 16tik aurrera elurra datorrela eta, ondoren, haize bortitza", adierazi du lemoarrak.
"Ez dago gauza handirik egiteko hemen", gaineratu du euskal alpinistak.
Txikonen espedizioak aurretik ere behe-kanpalekua utzi behar izan zuen hiru astez, elur-jausien eraginez, eta urtarrilaren 29an bueltatu ziren bertara. Geroztik, eguraldiaren aurka borrokan ibili dira ia egunero, elurra kentzen, eta, azkenerako, amore eman behar izan dute.