Beijing 2022
Imanol Rojok 39. egin du estilo klasikoko 15 kilometroko proban
EITB MEDIA
Manex Salsamendi, aldiz, 90. izan da. Urrea Livo Niskanen finlandiarrak irabazi du.
Eskiatloiko 30 kilometrokoan 21. izan ondoren, Imanol Rojo lehiara itzuli da gaur estilo klasikoko 15 kilometroko proban. Tolosarra baikor iritsi da bere faboritoen artean ez dagoen lasterketara, aurreko hiru parte-hartze olinpikoetan banakako proba batean bere posturik onena erdietsi ondoren. Bere proba gustokoena ez izanagatik, oso lan ona egin du 39. amaitu eta 1984an Sarajevoko Jokoetan Josep Girók lortutako 45. postua gainditzeko.
Imanol Rojo oso indartsu hasi da, eta bere erreferentziak oso onak izan dira lehen partzialetan. Hirugarren kilometrotik igarotzerakoan 19.1 segundora zegoen liderrarengandik, eta distantzia hori 18.2ra jaitsi du 7.5 kilometrotik igarotzean. Hala ere, 10. kilometrotik aurrera erritmoa bajatu du, eta lehiakideekiko markek okerrera egin dute pixkanaka. Imanolek 39. postuan bukatu du, 41:24.2ko denborarekin, Livo Niskanen finlandiarrarengandik 3:29.4 segundora.
"Egindakoarekin oso pozik nago. Sentsazio onak izan ditut 10. kilometroraino, non energiak amaitu zaizkidan. Uste baino azkarrago hasi naiz, horrek erre egin nau pixka bat, baina onena da fisikoki ondo nagoela eta distantzia luzeetan askoz hobeto noala. Kontuan izan behar da ez dela nire distantziarik gustukoena, baina nire emaitzarik onena da, hala ere" adierazi dio tolosarrak Espainiako Batzorde Olinpikoari proba amaitzean.
Joko hauetan egingo duen azken probari begira, patinatzaile estiloko 50 kilometroak, orain arte lortutako bi emaitzek, eskiatloiko 21. postuak eta estilo klasikoko 15 kilometroetako 39.ak, Imanol indartzen dute, onena oraindik iristeke dagoela pentsatzeko.
"50 kilometroetarako animatzen nau, hori baita benetan helburu nagusia Joko hauetan. Gaur nola egon naizen ikusita, ondo egitea espero dut. Hurrengo lasterketarako helburua ondo irtetea da, horri eustea eta gero postuak igotzea proba aurrera joan ahala. Nire helburua 17. postua gainditzea da, baina batez ere 30 kilometrokoan lortutako emaitza hobetzea. Ikusiko dugu nola errekuperatzen naizen eta fisikoki ondo iristen naizen, orain arte bezala" gaineratu du Rojok.
Manex Salsamendi, 90. postuan
Manex Salsamendi Silva nafarra ere, Brasilekin lehian, onena ematen saiatu da gaurko egunean. Bere lehen Jokoetan parte hartzen ari den 19 urteko eskiatzaileak 90. postuan amaitu du, 50:35.1eko denborarekin txapeldunarengandik 12:40.3ra iritsita helmugara. 6.3 kilometroan 21:08.7ko partziala egin du (+5: 24.4), 32:10.9koa (+8:29.5) 9.3 kilometroan eta 36:29.3koa (+9.31.9) 10.5 kilometroan.
Faboritoen arteko lehia
Lasterketa buruari dagokionez, Richard Jouve frantziarra izan da erreferentziazko denbora lehen zatian, William Poromaa suediarrak, Mika Vermeulen austriarrak eta Perttu Hyvarinen finlandiarrak lagunduta.
Hala ere, benetako borroka faborito nagusiak pistara atera direnean hasi da. Iraupen-eskiko izarretako batek, Johannes Klaebo norvegiarrak, 26 segundo galdu ditu lehen postan, eta bazirudien egun zaila izango zuela, eskiatloian gertatu zen bezala, nahiz eta ondoren gauzak bideratu dituen eta 38.32.3ko denbora eginda, brontzezko domina lortu du.
Urrea eta zilarra
Zilarra eta urrea lortzeko lehia errusiar-finlandiar duelua izan da azkenean. Sasoikoen dagoen gizonetako batek, Livo Niskanen finlandiarrak, super indartsu ekin dio denboraldiari, Munduko Kopetan hainbat garaipen lortuz, eta gaur berriz ere bikain aritu da. Niskanenek erlojua txikitu du 37:54.8ko denborarekin, Klaebok markatutako erreferentziazko denbora 37 segundotan hobetuz eta bere bigarren urrea lortuz Joko batzuetan. Horrela, Livok Dario Cologna suitzarraren nagusitasunarekin amaitu du distantzia honetan. Cologna urrearen jabe izan zen Vancouver 2010, Sotxi 2014 eta Pyeongchang 2018ko Jokoetan.
Alexander Bolshunov errusiarrak, urrea eskiatloiko proban, Niskanen harrapatzeko asmoz hartu du irteera, baina ezin izan ditu finlandiarrak markatutako denbora itzelak hobetu. Azkenean 23 segundo galdu ditu Niskanenenekiko eta 38:18.0an gelditu du kronoa zilarrezko domina janzteko.