Kargatzen...
Itxi

EHF-REN EUROPA LIGA

Bidasoa Irunek final-zortzirenetan egoteko aurrerapausoa eman du, Tatran Presovi irabazita (33-24)

A. B. E. | EITB Media

Leer en Castellano

Irungo taldea nagusi izan da hasieratik amaieraraino, eta garaipen garrantzitsua erdietsi du Artalekun, multzoen faseko zazpigarren jardunaldiko norgehiagokan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bidasoa Irunek irabazi egin dio Tatran Presovi (33-24) EHFren Europa Ligako multzoen faseko zazpigarren jardunaldiko partida, eta bideratuta utzi du final-zortzirenetarako sailkapena.

Norgehiagokako lehen gola etxeko taldeak sartu du, baina bisitarien erantzuna azkarra izan da (1-1). Ondoren, bi goleko errenta lortu du Bidasoak (3-1), baina Tatran Presovek neurketa berdindu du (3-3), eta aurretik jarri da markagailuan (4-5). Orduan hasi da Irungo taldea nagusitzen, eta berriro berdindu ostean (8-8), hautsi egin du norgehiagoka, atsedenaldira bost goleko abantailarekin iritsita (16-11).

Bigarren zatiaren hasieran, Bidasoa Irunek errenta handitu du, hiru gol jarraian sartuta (19-11). Defentsan ere sendo aritu da euskal taldea, eta ez dio utzi aurkariari eroso jokatzen. Bidasoa Irunek hamar goleko abantaila erdietsi du bigarren zatiko hamargarren minutuan (23-13).

Eroso ibili da Irungo taldea, eta hamabi goleko errenta ere izan du, baina partidaren amaierarako bederatzi minutu falta zirenean, zortzi golera murriztu du desabantaila Tatran Presovek (28-20). Ia bi minutu geroago, Mujikak sartutako golak (29-20) lasaitasuna eman dio Bidasoari.

Azken txanpan, Bidasoa Irun nagusi izan da berriro, eta garaipenak ez dio ihes egin Gipuzkoako taldeari (33-24).

Fitxa teknikoa:

33.- Bidasoa Irun: Sierra (1), Cavero (5, 1 penaltiz), Rodríguez (5), Da Silva (-), Tesoriere (-), Garcia (5) eta Fernandez (3) –hasierako taldea-; Ugarte (-), Zabala (2), Furundarena (1), Odriozola (4), Aginagalde (-), Múgica (5), Nieto (2), Urruzola (-) eta Ledo.

24.- Tatran Presov: Colodeti, Rabek (6, 1 penaltiz), Santos (2), Pacheco (2), Linhares (3), Kasatkin (2) eta Lopez (4, 2 penaltiz) –hasierako taldea-; Recicar (1), Tsarapkin (-), Davidovic (1), Antl (1), Fenar (2) eta Leben.

Emaitza (bost minututik bost minutura): 1-1, 4-4, 7-6, 8-8, 13-9 eta 16-11 (atsedenaldia); 19-12, 22-13, 27-14, 28-18, 30-21 eta 33-24 (amaiera).

Epaileak: Cacador eta Nicolau (Portugal). Bi minutuz kanporatu dituzte Garcia eta Zabala Bidasoa Irungo jokalariak, eta Santos, Recicar, Rabek, Tsarapkin eta Colodeti Tatran Presovekoak.

Albisteak (3)

Bideoak (1)