EHF-REN EUROPA LIGA
Bidasoa Irunen partida ona ez da nahikoa izan Füchse Berlin gainditzeko (32-35)
EITB Media
Irungo taldeak galdu egin du Artalekun jokatu duen EHFren Europa Ligako multzoen faseko bederatzigarren jardunaldiko norgehiagoka.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bidasoa Irunek galdu egin du Füchse Berlinen aurka (32-35) astearte honetan Artalekun jokatu duen EHFren Europa Ligako multzoen faseko bederatzigarren jardunaldiko partida. Ezustekoa ematetik gertu egon da Irungo taldea, baina alemaniarrak nagusitu dira azkenean.
Norgehiagokari hasiera ona eman dio Bidasoak. Füchse Berlinek, ordea, ez dio markagailuan ihes egiten utzi, eta batik bat Lasse Anderssonen jaurtiketei esker, bisitariek lau goleko abantaila eskuratu dute (3-7). Ondoren, Jacobo Cuetara entrenatzaileak hutsartea eskatu du; teknikariaren aginduak ondo etorri zaizkie Irungo taldeko jokalariei, eta bi golera murriztu dute aldea (6-8). Hala ere, lehen zatiaren azken txanpan nagusi izan da Alemaniako taldea, eta lau goleko errenta lortu du, lehia atsedenaldira iritsi denean (16-20).
Bizi ekin diote bi taldeek bigarren zatiari. Bidasoa Iruni ondo etorri zaio erritmo bizia, eta hiru golera hurbildu da (20-23), baina Füchse Berlinek berriro lortu du markagailuan zuloa irekitzea. Neurketa maldan gora jarri zaio Irungo taldeari, baina ez du etsi, lanean jarraitu du, eta desabantaila gol bakarrera murriztu du (27-28). Ondoren, Bidasoak ez du baliatu partida berdintzeko aukera. Azken txanpan, hobeto jokatu du Füchse Berlinek, eta Alemaniako taldeak irabazi du norgehiagoka, 32-35eko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
32 - Bidasoa Irun: Sierra, Cavero (10, 6 penaltiz), Odriozola (7), Fernández (2), Rodriguez (3), Garcia (3) eta Aginagalde (2) –hasierako taldea–; Ugarte (-), Santano (1), Gey (-), Furundarena (2), Tesoriere (-), Da Silva (-), Nieto (2) eta Ledo.
35 - Füchse Berlin: Milosavljev, Chrintz (1), Wiede (3), Morros (1), Marsenic (4), Andersson (9) eta Vujovic (4) –hasierako taldea–; Holm (4), Lindberg (5, 2 penaltiz, Langhoff (2), Matthes, Schley (1), Drux (1) eta Genz.
Emaitza bost minutuan behin: 2-3, 3-7, 7-9, 10-14, 13-17, 16-20 (atsedenaldia) 20-24, 23-27, 27-28, 28-30, 29-32 eta 32-35 (amaiera).
Epaileak: Backovic eta Palackovic (Eslovenia). Bi minutuz kanporatu dituzte Cavero, Garcia (2) eta Tesoriere Bidasoa Irun taldeko jokalariak, baita Vujovic eta Holm Füchse Berlin taldekoak ere. Marsenic (Füchse Berlin) deskalifikatu dute, 41. minutuan.