Eskubaloia
Bera Berak irabazi du Zuazoren aurkako euskal derbia (20-31) eta ligako titulua gertuago dauka
EITB Media
Gipuzkoako taldeak mendean hartu du Bizkaikoa Guerreras Iberdrola Ligako 21. jardunaldiko partidan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Super Amara Bera Berak irabazi du Zubileta Evolution Zuazoren aurka (20-31) igande honetan (apirilak 10) Barakaldon jokatu duen Guerreras Iberdrola Ligako 21. jardunaldiko euskal derbia.
Bera Berak hobeto ekin dio neurketari, eta partidako lehen bi berdinketen ostean (1-1 eta 2-2), bi goleko abantaila hartu du (2-4). Hala ere, Zuazok azkar parekatu du lehia (4-4). Ondoren, Bizkaiko taldeak zuloa ireki du markagailuan, hiru goleko errenta hartuta (7-4). Bera Berak momentu txarra pasa du; pixkanaka, ordea, hobeto jokatzen hasi da, eta beste behin partida berdindu du (8-8). Atsedenaldira iritsi aurreko azken minutuetan Zuazo nagusi izan da, eta etxeko taldea aldeko 11-9ko emaitzarekin joan da aldageletara.
Bigarren zatiaren hasieran Zuazo ibili da aurretik, bi goleko aldea mantenduz. Gipuzkoako taldea gol bakarrera gerturatzen zenean, Bizkaikoak bi golera handitzen zuen abantaila. Hala ere, norgehiagokako 40. minutura heldu aurretik, talde bisitariak neurketa berdindu (15-15), eta aurrea hartu du (15-16). Hamaseinakoaren (16-16) ostean hautsi da partida Bera Beraren alde; hamabi minututan Donostiako taldeak garaipena bideratuta utzi du hamar goleko abantaila erdietsita (16-26). Txanpa horretan erabakita geratu da derbia, eta garaipena Super Amara Bera Berak lortu du, 20-31ko emaitzarekin.