Itxi

ESKUBALOIA

Bartzelonak Anaitasuna garaitu (34-35) eta hamabigarren Asobal Liga irabazi du jarraian

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Kataluniako taldeak txapelketa amaitzeko bost jardunaldiren faltan bereganatu du titulua, bere 29. Liga txapelketa.

Bartzelonako jokalariek Liga txapelketa ospatzen. Argazkia: EFE

Bartzelonak Asobal Ligako titulua berretsi du larunbat honetan, Helvetia Anaitasuna mendean hartuta, partida hestu batean (34-35). Katalanek kateatzen duten 12. Liga txapelketa da, bere palmareseko 29.a, hain zuzen ere. Bartzelonaren ostean Granollers da txapel gehien dituena, 13rekin.

Hamabi titulu horiek jarraian lortzeko bidean, katalanek 340 partida jokatu dituzte, eta tarte horretan 333 partida irabazi, bi berdindu eta bost baino ez dituzte galdu.

Bolada irabazle ikusgarri horri 2010/2011 denboraldian ekin zion Bartzelonak, 2010eko irailaren 11n jokatu zen Liga horretako lehen jardunaldian, hain justu. Egun horretan, Torrevieja azpiratu zuten blaugranek euren kantxan (34-25), hau da, duela 11 urte, 7 hilabete eta 12 egun.

Kataluniarren azken porrota Fraikin Granollersen aurka izan zen (28-29), 2018ko apirilaren 13an. Ordura arte, 4 urte, 10 hilabete eta 26 egun zeramatzan neurketarik galtzea zer zen jakin gabe, 145 garaipen eta berdinketa baten ostean.

Porrot horretatik gaur arte (Torrelavegaren aurkako zigorra kontuan hartu gabe), Carlos Ortegaren taldeak 111 garaipen eta berdinketa bat lortu ditu Ligan. Aipatu berdinketa Logroñoren pistan izan zen (28-28), 2019ko martxoaren 26an.