Itxi

GOLFA

Jon Rahm, garaile Mexikoko Irekian

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Golf-jokalari bizkaitarrak 17 kolpe egin ditu guztira parraren azpitik, bigarren gelditu diren Tony Finau, Brandon Wu eta Kurt Kitayama estatubatuarrek baino bat gutxiago.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Jon Rahmek Mexikoko Irekia irabazi du igande honetan, PGA Tour lehiaketan lortu duen zazpigarren garaipena. Golf-jokalari bizkaitarrak 17 kolpe egin ditu guztira parraren azpitik, bigarren gelditu diren Tony Finau, Brandon Wu eta Kurt Kitayama estatubatuarrek baino bat gutxiago.

Barrikakoak bi kolpeko abantailarekin ekin dio azken jardunaldiari Kitayama eta Cameron Champ aurkari zuzenen aurretik, eta bere egunik onena izan ez arren (69 kolpe behar izan ditu ibilbidea osatzeko, hots, lau egunetako emaitzarik kaskarrena, aurrekoak 64, 66 eta 68 kolperekin bukatu ostean baitzituen), emaitza hori nahikoa izan du txapelketa bereganatzeko, kolpe bakarreko aldearekin egin badu ere.

Rahmek hiru birdie eta bogey bat egin ditu azken jardunaldian, eta uste baino gehiago sufritu du torneoa irabazteko (bera zen faborito nagusia). "Kosta egin zait garaipen hau lortzea; azken zuloan aldrebestu egin zaizkit gauzak, baina oldarkor jarraitu dut, nire jokoan konfiantza izan dut eta irabaztea lortu dut", adierazi du Barrikakoak.

Mexikoko Irekia Puerto Vallartako bainuetxean jokatu da, lehen aldiz izan da PGA Tourreko zirkuituaren parte, eta 7,3 milioi dolar banatu ditu saritan.

Garaipen honekin, Rahmek munduko sailkapeneko bigarren postua sendotu du, Scottie Scheffler estatubatuarraren ostean eta Collin Morikawaren aurretik.

Albisteak (5)

Bideoak (2)