Mendi maratoia
Kilian Jornet eta Nienke Brinkman garaile Zegama-Aizkorrin, aurreko markak hautsita
Agentziak | EITB Media
Jornet hamargarrenez gailendu da, bigarren Magrini italiarra izan da eta Merillas espainiarra hirugarren. Emakumezkoetan, Brinkmanek Maude Mathys faborito nagusia gainditu du. Hirugarren Sara Alonso donostiarra izan da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Kilian Jornet kataluniarrak aurreikuspenak bete ditu eta aise gailendu da Zegama-Aizkorri lasterketan. Jornetek, gainera, probako markarik onena 9 minututan hobetu du. Emakumezkoetan, Nienke Brinkman herbeheretarra nagusitu da, eta honek ere historiako markarik onena egin du.
Lasterketak goi-mailako partaidetza izan du, eta eguraldi bikaina, pandemiaren eraginez azken bi urteetan bertan behera geratu ostean. Baldintzak lagun, gizonezkoen lehian Jornetek aise hobetu du Stian Angermund norvegiarrak 2017an egindako denbora: 3 ordu, 45 minutu eta 8 segundo.
Kataluniarra oso nagusia izan da Aizkorriko igoera gogorrean, eta hortxe atzean utzi du gertu zeraman Davide Magrini italiarra, azken kilometroak bakarrik egiteko.
Hirugarren postua Manu Merillas espainiarrak lortu du, honek ere denbora bikaina eginda.
Sara Alonso hirugarren, bere debutean
Emakumezkoen lasterketan ezustea izan da. Nienke Brinkman herbeheretarra bere aurkariak baino askoz gehiago izan da eta hasieratik atzean utzi du Maude Mathys suitzarra eta garaipenerako favorito nagusia. Aizkorriko gainean aldea nahiko zabala izan du garaipena ziurtatzeko: 4 minutu eta 44 segundo.
Suitzarrak ezin izan du alde hori murriztu, Aizkorri igaro osteko ibilbidea errazagoa izan arren. Sara Alonso gehiegi ez hurbiltzea zaindu behar izan du, 23 urteko donostiarrak lasterketa bikaina egin du eta hirugarren izan da bere debutean.
GIZONEZKOEN SAILKAPENA
1.- Kílian Jornet, 3 h 36 min. 41 sg.
2.- Davide Magrini, + 2:31 min.
3.- Manu Merillas, + 9:03 min.
EMAKUMEZKOEN SAILKAPENA
1.- Nienke Brinkman, 4 h. 43 min. 16 sg.
2.- Maude Mathys, + 19:30 min.
3.- Sara Alonso, + 20:03 min.