Errugbia
Ampo Ordizia ligako txapeldunorde, Santboianaren aurkako finala galdu ostean (23-17)
EITB MEDIA
Gipuzkoarrak 0 eta 7 aurreratu dira markagailuan baina atsedenaldirako kataluniarreke maitzea irauli dute (13-7). Ordiziarrek hirugarren aldiz dira ligako txapeldunordeak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ampo Ordizia saririk gabe geratu da. Gipuzkoarrek Maila Goreneko bigarren postuarekin konformatu behar izan dute Ligako final handia Santboianaren aurka 23 eta 17 galduta. Historian hirugarrenez dira txapeldunorde.
Hasiera bizia izan ditu partidak, eta gipuzkoarrek hobeto ekin diote neurketari. Hala 16. minutuan, Elliot Ryan irlandarrak entsegua lortu du gorrien alde, eta, jarraian, Valentin Cruz argentinarrak transformazioa gauzatzen asmatu du. Hala, 0-7 aurreratu da Iñigo Marotiasek zuzentzen duen taldea.
Santboianaren erreakzioa berehalako izan da; izan ere, 22. minutuan Imanol Martinezek gauzatu du katalanek ezker hegaletik amaitutako jokaldia, eta entsegu horren ostean hagetara bideratutako jaurtiketa ere ez dute hutsik egin Santboikoek, beraz, markagailua orekatzeko gai izan dira (7-7).
Horrek biziberritu egin ditu etxekoen indarrak, eta Javier Rojas eta Imanol Martinez berak drop bana erdietsi dituzte atsedenaldira iritsi orduko. Hala, lehen zatiaren amaierara 13-7ko emaitzarekin joan dira ordiziarrak aldageletara.
Atsedenaldiaren ondoren, goierritarrek kontrolpean izan dute egoera, baina ez dute asmatu pare bat hurbilketa arriskutsuri zukurik ateratzen; aitzitik, etxekoak eraginkortasun gehiago azaldu dute 16. minutuan, Nacho Contardik egindako entseguarekin eta Rojasek asmatutako transformazioarekin (20-17).
Finalari buelta ematen ahalegindu dira Ordiziakoak, baina ez dira ideia argiekin ibili, gainera etxekoen denbora-galtzen saiatu dira aha izan dutenean, eta horrek ere ez die lagundu. Etxekoek zigor-kolpe batekin beste hiru puntuz areagotu dute markagailuko tartea (23-7).
Emaitza horrekin eta zelaian ikusten zenaren arabera finala erabakita zegoela zirudin, eta halaxe gertatu da. Dena dela, neurketako azken jokaldian Ampok markagailua estutzeko entsegua erdietsi du Lander Mujikaren bidez.
Azkenerako, 23-17 izan da emaitza Santboikoen alde, liga txapelketa zortzigarren aldiz bereganatzea ahalbidetu diena.