TENISA
Nadalek bere hamalaugarren Roland Garrosa bereganatu du
EITB MEDIA
Tenislari balearrak Casper Ruud norvegiarra hiru setetan garaitu du (6-3, 6-3 eta 6-0) 2 ordu eta 18 minutuetan.
Rafael Nadalek bere hamalaugarren Roland Garrosa eskuratu du Casper Ruud norvegiarra mendean hartu ostean. Partidak 2 ordu eta 18 minutuko iraupena izan du.
Balearrak historia egin du berriro, Parisko txapelketako pista nagusian, non ez duen inoiz finalik galdu. Oraingoan, bere akademiako ikasle azkarrenetako baten aurka egin du, 24 urterekin 'Grand Slam' bateko bere lehen finalari aurre egin behar izan dion Ruudi, hain zuzen ere.
Bere hamalaugarren Mosketarien Koparekin (2005, 2006, 2007, 2008, 2010, 2011, 2012, 2013, 2014, 2017, 2018, 2019, 2020 eta 2022), Nadalek (ostiral honetan 36 urte bete berri) 22 'Grand Slam' titulu lortu ditu, eta Novak Djokovic serbiarrarekiko (20) eta Roger Federer suitzarrarekiko (20) aldea handitu du.
Rafael Nadal, 2022ko Roland Garroseko finala jokatzen. Argazkia: EFE
Partidaren hasieran, Nadalek ez du arazorik izan Ruuden erasoei erantzuteko. Are gehiago, aukera izan duenean, norvegiarraren sakea 'passing' batekin hautsi du. Hala ere, Nadalek egindako bi falta bikoitzek jasotako kolpeari erantzuteko aukera eman diote Ruudi. Aurkariaren susperraldi txiki horrek apenas kezkatu du espainiarra, eta hurrengo jokoan berriro kendu dio sakea jokalari gazteari. Abantaila hori baliatu du lehen seta bereganatzeko, 49 minuturen ondoren.
Bigarren jokoaren hasieran, astelehenetik aurrera munduko seigarren jokalari onena bihurtuko den norvegiarra sakea galtzeko zorian egon da hiru aldiz, baina egoera gainditu eta 3-1 aurretik jartzeko gai izan da.
Dena den, Nadalek bost joko jarraian irabazi ditu bigarren seta eskuratzeko.
Irabazlearen nagusitasunak hirugarren eta behin betiko partzialean jarraitu du, Ruud Mallorcako jokalariaren aginduen menpe egon delarik.
The sweet taste of 22#RolandGarros pic.twitter.com/kt9HNnTfww
— Roland-Garros (@rolandgarros) June 5, 2022