Tenisa
Nadalek Wimbledoneko finalerdietako partida ez jokatzea erabaki du
EITB Media
Rafael Nadalek agur esan dio Ingalaterrako Grand Slamari sabelaldean duen 7 milimetroko hausturaren eraginez. Ondorioz, finalerdietan aurkari izan behar zuen Kyrgios zuzenean sailkatu da finalera.
Rafael Nadalek agur esan dio Wimbledoni. Mallorcako tenislariak adierazi du ez duela Ingalaterrako Grand Slameko finalerdietako partida jokatuko uztailaren 8an, ostiralean.
Nadalek sabelaldean arazoak izan zituen Fritzen aurkako final-laurdenetako neurketan; aldageletara joan behar izan zen minaren eraginez, baina kantxara bueltatu eta garaipena lortu zuen, bosgarren seteko tie-breakean.
Ostegun honetan (uztailak 7), Kyrgiosen aurkako finalerdietako norgehiagokaren bezperan, frogak egin dizkiote, eta medikuek argitu dute Nadalek 7 milimetroko haustura duela sabelaldean.
Nadalek prentsaurrekoan eman du lesioaren berri, eta baieztatu du finalerdiak ez dituela jokatuko.