Kargatzen...
Itxi

MUNICHEKO EUROPAKO TXAPELKETA

Iñigo Peña eta Begoña Lazcano K2-1.000 metroko finalera

BASQUE TEAM | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bere aldetik, Aitor Gorrotxategi, K1-1.000 metrokoan finalaurrekora sailkatu da.

Iñigo Peña Paco Cubelosekin batera arraun egiten. Argazkia: Basque Team

Ur lasaietako piraguismoa ostegun honetan hasi da Municheko Europako Txapelketan, eta Iñigo Peña, Begoña Lazcano eta Aitor Gorrotxategi Basque Teameko kirolariek lehen probak izan dituzte jada.

Iñigo Peñak Paco Cubelosekin bikotea osatu du berriro, K2-1.000 metrokoan aritzeko. Proba horrek Munduko bi azpitxapelketa eta diploma olinpiko bat eman zizkien. Gaur euren serieko onenak izan dira, zalantzarik gabe, eta 3:19.280 denborarekin A finalera pasa dira zuzenean. Proba hori orain programa olinpikoan sartzen ez denez, lehentasuna izateari utzi dio Peñarentzat, baina Europako Txapelketa honetan parte hartuko duen hiru modalitateko bat da.

Begoña Lazcanok ere K2-1.000 metroko finala jokatzeko txartel zuzena lortu du. Lazcanok, Laia Pelachsekin batera, bigarren amaitu du gaurko seriean, Poloniako ontziaren atzetik, eta 3:42.948 (+0.501) denbora eginda, A finalera pasatu da. Txandako lehendabiziko hiru ontziak sailkatzen ziren finalera.

Bere aldetik, Aitor Gorrotxategi berarentzat ohikoa ez den proba batean lehiatuko da Munichen, K1-1.000 metrokoan. Irungoa zazpigarren izan da bere seriean, 3:41.176 (+5.624) denborarekin. Beraz, finalerdia jokatu beharko du ostiralean, A finalera iritsi ahal izateko.

Albisteak (5)