EUROPA LIGA
Kolstad Handball izango du aurkari Bidasoak Europa Ligako multzoen fasera sailkatzeko azken kanporaketan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Joaneko partida Artalekun jokatuko da irailaren 27an; itzulekoa astebete geroago izango da, urriaren 4an.
Bidasoa-Irunek Norvegiako Kolstad kanporatu beharko du Europako Ligako multzoen fasera sartzeko azken kanporaketan. Aurkari oso zorrotza da, eta datorren denboraldian munduko jokalaririk onenak, Sander Sagosenek, bertan jokatuko du.
Irundarrek etxean jokatuko dute lehen partida eta Kolstaden kantxan erabakiko da nork egingo duen aurrera.
Hartara, Artalekuk irailaren 27an hartuko du kanporaketa honetako lehendabiziko norgehiagoka. Neurketa hori, gainera, test ona izango da Gipuzkoako taldearen bazkide-kanpainaren arrakasta egiaztatzeko. Izan ere, 1.500 bazkide baino gehiago izango ditu Irungo taldeak (inoizko gehien). Itzuliko lehia astebete geroago, urriaren 4an, jokatuko da, Trodheimen (Norvegia).