Itxi

GOLFA

Jon Rahm bigarren izan da Wentworthen, Lowry irabazlearengandik kolpe bakarrera

AGENTZAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Azken itzuli ikusgarri batek garaipenaren lehian egotera eraman zuen. Adrian Otaegui donostiarrak, berriz, hamahirugarren amaitu zuen.

Jon Rahm. Atxiboko argazkia: EFE

Shane Lowry irlandarrak irabazi zuen BMW PGA Championship torneoa, asteburu honetan Wentworth klub ingelesean jokatu dena, eta Rolex Series txapelketari dagokiona. Bere aldetik, Jon Rahm bizkaitarrak bigarren amaitu zuen sailkapen nagusian, irabazlearengandik kolpe bakarrera, azken jardunaldian erakustaldi aparta eman ostean.

Jon Rahmek, munduko sailkapeneko 6. jokalari onenak, 32 postu ondu zituen azken egunean 62 kolpeko txartel ikusgarri bati esker (10 kolpe parraz azpitik), bi eagle, zazpi birdie eta bogey bakarra eginda. Bere ibilbidea bukatu zuenean, Barrikakoa liderra zen, eta Lowryk eta Rory McIlroy iparrirlandarrak euren partidak buka zitzaten itxaron behar izan zuen.

Aitzitik, Lowryk azken zuloan gauzatutako birdie batek profesional gisa bere hamabosgarren titulua irabaztea eragotzi zion Rahmi.

Behin irlandarrak bere ibilbidea bukatuta, McIlroy baino ez zen geratzen zelaian garaipena erdiesteko aukerekin. Munduko hirugarren sailkatuak eaglerako putt bat izan zuen 18. zuloan, Lowryrekin berdindu eta berdinketa hori hausteko partida jokatzeko aukera eman izango ziona; alabaina, pilota helburutik zentimetro batera geratu zen.

Horrela, Shane Lowryk profesionaletan irabazten duen bere seigarren titulua eskuratu zuen Wentworthen, lehena 2019an Erresuma Batuko Irekia Britainiarra irabazi zuenetik.

35 urteko golflari irlandarrak 199 kolpe (17 kolpe parraz azpitik) egin zituen jokatu ziren hiru jardunaldietan, ostiraleko jardunaldia bertan behera geratu baitzen Elizabeth II.a erreginaren heriotzagatik. 66, 68 eta 65eko itzuliak sinatu zituen.

Lowryk kolpe bakarreko aldea atera zien bigarren postua partekatu zuten McIlroy eta Rahmi. Adrian Otaegui donostiarrak, bere aldetik, hamahirugarren postuan amaitu zuen, -12rekin, irabazlearengandik bost kolpera.

Albisteak (3)