ESKUBALOIA
Bera Berak Besançon izango du aurkari Europa Ligako aurrekanporaketan
A. A. | EITB MEDIA
Kanporaketako joaneko neurketa abenduaren 3an edo 4an jokatuko da; itzulikoa, aldiz, astebete geroago, abenduaren 10ean edo 11n.
Besançon Frantziako taldea egokitu zaio Bera Berari Europa Ligako multzoen faseko atarikoan. Donostiarrek abenduaren 3an edo 4an jokatuko dute joaneko neurketa, aurkariaren etxean. Itzuliko lehia, aldiz, astebete geroago jokatuko da (abenduaren 10ean edo 11n), Donostiako Josean Gasca pabiloian.
Aurreko denboraldian, Imanol Alvarezek zuzentzen duen taldea ezin izan zen multzoen fasera iritsi, Errumaniako Ramnicu Valcea taldearen aurrean men egin behar izan baitzuen aurrekanporaketan; hori bai, aurretik, Paris 92 taldearen oztopoa gainditu ondoren.
Hala, sei goleko aldeaz galdu zuten donostiarrek Errumanian (34-28), eta ez ziren gai izan etxean kanporaketa iraultzeko (27-29), nahiz bost golez irabazten jarri ziren pare bat aldiz.