IRTEERA
Thomas Tesorierek kluba utziko duela iragarri du Bidasoak
A. A. | EITB MEDIA
Jokalari frantziarrak bere sorterriko talde baten eskaintza onartu du Irunen lau urte jokatu ostean.
Bidasoa Irunek astelehen honetan emandako prentsaurreko batean iragarri duenez, Thomas Tesoriere (Marseilla, 1989) jokalari frantziarrak taldeko kide izateari utzi dio.
Tesoriere 2018ko udan iritsi zen Irunera, eta, ordutik, besteak beste, ASOBAL Plenitude Ligako 128 partida jokatu ditu (22 gol) eta Europako txapelketako 35 partida (4 gol). Alabaina, orain Frantziako talde baten eskaintza onartzea erabaki du.
Ezker hegalekoa Gurutz Aginagalde Irungo taldeko presidentearekin batera agertu da hedabideen aurrean, eta bere "etxetik gertu" jokatzen duen talde baten eskaintza bat onartzea erabaki duela jakinarazi du. "Klubarekin hitz egin genuen eta akordio batera iritsi ginen. Pozik eta triste noa horrela amaitzeagatik, baina kontent eman dudanagatik", gaineratu du jokalariak.
Bere aldetik, Aginagaldek azaldu du klubaren asmoa jokalariak taldean jarrai zezan zela. "Tom jokalari ona da, eta lau urte hauetan ikusi dugu. Hala jakinarazi genion lehen unean, jokalariak alde egin nahi zuela jakinarazi zigunean".
"Berak bere egoera azaldu zigun, ez bakarrik denboraldi honetakoa, baizik eta ia 20 urte geroago Marseillara hurbilduz epe luzera sortzen zitzaion aukera", azaldu du Aginagaldek. Presidenteak gaineratu duenez, Tesorieren klub berriak "konpentsazioa" emango dio Bidasoari, "kontratua indarrean" zuen jokalaria zelako eta liga txapelketako bigarren itzulian ere taldean egotea nahi zutena.