Eskubaloia
Peciña, Odriozola eta Garciandia brontzezko domina lortzen saiatuko dira, Danimarka Espainiari gailenduta
EITB MEDIA
Iñaki Peciñak eta Kauldi Odriozolak ostiraleko finalerdian parte hartu dute; Danimarkako selekzioak, egungo Munduko txapelduna bera, finalerako txartela eskuratu du.
Iñaki Peciña, Kauldi Odriozola eta Imanol Garciandia brontzezko domina lortzen ahaleginduko dira, Suedian eta Polonian jokatzen ari diren Eskubaloi Munduko Txapelketan, ostiralean lehen finalerdian Danimarka Espainiari 23-26 gailenduta; Espainiako selekzioak Frantziaren edo Suediaren aurka jokatuko du, hirugarren postuaren bila. Iñaki Peciñak eta Kauldi Odriozolak finalerdian parte hartu dute, eta Garciandia, aldiz, ez da deialdian sartu.
Peciña eta Odriozola Jordi Ribera Espainiako entrenatzaileak erabakitako hasierako taldetik at geratu dira. Espainiako selekzioak ez du batere eroso jokatu lehen zatian. Danimarkak ia hasieratik hartu du aurrea markagailuan, lau goleko aldearekin ere (5-9koan, 6-10ekoan eta 7-11koan). Orduan, Espainiak defentsa aldatu du, gizon bat aurrerago jarriz, eta emaitza orekatu egin du; izan ere, gol bakarrera jarri da, 10-11koan. Atsedenaldiaren aurreko azken minutuetan, baina, Danimarkak gehiago asmatu du, eta beste lau gol sartu ditu Perez de Vargasen atean, eta 10-15ekoa ezarri du. Hain zuzen, lehen zatiaren amaiera, ordura arteko alderik handiena izan du Danimarkako selekzioak.
Atsedenaldiaren ostean, Espainiako selekzioak 5-1eko defentsarekin jarraitu du, alegia, jokalari bat aurrerago kokatuta, eta presio eraginkorragoa egin du. Danimarka ez da horren fin ibili. Riberaren taldea gol bakar batera jarri da (19-20 eta 20-21), hein batean Espainiako atezainak egindako geldiketa bikainengatik, eta, halaber, Kauldi Odriozola zumaiarrak defentsan erakutsitako bizitasunagatik.
0-4eko partzial baten bidez, Danimarkak berriro ere ezarri du bost goleko aldea; Espainiako selekzioak azken ahalegina egin du eta azken minutura 23-25ekoarekin iritsi da, baina ezin izan du markagailua irauli. Ondorioz, hiru jokalari gipuzkoarrek ezingo dute munduko titulua lortu, baina brontzezko domina eskuratzeko borrokatuko dute, Munduko Txapelketan egindako lan onari behar bezalako amaiera ematea helburu.