Itxi

Tenisa

Djokovicek bere kirol ibilbideko 22. Grand Slama bereganatu du Australiako Irekia hamargarrenez irabazita

A. B. E. | EITB Media

Novak Djokovicek hamargarrenez irabazi du Australiako txapelketa handia finalean Tsitsipas mendean hartuta (3-6, 6-7 eta 6-7), eta 22. Grand Slama gehitu du bere palmaresera.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Novak Djokovicek irabazi du 2023ko Australiako Irekia igande honetan, urtarrilaren 29an, Melbourneko Rod Laver Arenan jokatutako finalean Stefanos Tsitsipas mendean hartuta, 3-6, 6-7 eta 6-7ko emaitzarekin. Horrenbestez, tenislari serbiarrak bere kirol ibilbideko 22. Grand Slama bereganatu du.

Finaleko lehen setean jaun eta jabe izan da Djokovic, eta 3-6ko emaitzarekin nagusitu da. Tsitsipas ez da ondo ibili, huts asko egin ditu, eta ezer gutxi egin ahal izan du aurkaria gainditzeko.

Bigarren seta, ordea, parekatua izan da. Ikuskizun bikaina eskaini dute bi tenislariek. 6-6koaren ostean, tie-breakaren bidez hautsi da berdinketa, eta Djokovic nagusitu da berriro (6-7) ere.

Serbiarrak bideratuta utzi du finala lehen bi setetan, eta azkenengoan sufritu egin behar izan du amaierara arte. Hirugarren seta ere seina berdinduta (6-6) iritsi da azken txanpara; Novak Djokovic berriz nagusitu da tie-breakean (6-7), eta Australiako Irekia irabazi du hamargarrenez

Garaipen honen ondorioz, Djokovicek 22 Grand Slam ditu jada bere palmaresean, eta beste hainbeste 'txapelketa handi' irabazita dituen Rafael Nadalen parean kokatu da. Beste inork ez ditu horrenbeste Grand Slam irabazi gizonezkoen mailan.

Albisteak (3)

Bideoak (1)