Atletismoa
Asier Martinez ezingo da Istanbulgo Europako Txapelketan izan, lunbalgia diskal batengatik
EITB MEDIA
Zizur Nagusiko atletak ez du parte hartuko Pista Estaliko Europako Txapelketan; Turkiako hiriburuan jokatuko dute, martxoaren 2tik 5era bitartean. Iker Arotzena hondarribiarra eta Markel Fernandez sopeloztarra, aldiz, bertan izango dira, luzera jauzian eta 4x400 lasterketan, hurrenez hurren.
Asier Martinez Zizur Nagusiko atleta ezingo da izan martxoaren 2tik 5era bitartean Istanbulen egingo duten Pista Estaliko Europako Txapelketan, lunbalgia diskal batengatik, astelehenean Martinez berak eta Espainiako Atletismo Federazioak iragarri dutenez. Iker Arotzena hondarribiarrak eta Markel Fernandez sopeloztarrak, aldiz, parte hartuko dute Europako Txapelketa horretan, luzera jauzian eta 4x400 lasterketan, hurrenez hurren.
"Asteburuan, tamalez, ezin izango dut parte hartu Pista Estaliko Europako Txapelketan, lunbalgia diskal baten eraginez. Zorterik handiena opa nahi dizuet nire taldekideei", adierazi du Asier Martinezek, sare sozialetan.
Este fin de semana, lamentablemente, no podré participar en el Campeonato de Europa de pista cubierta. Un episodio de lumbalgia discal me impide estar al 100%. Desear toda la suerte del mundo a mis compañeros.
— ASIER MARTINEZ¿ (@ASIERMARTINEZ17) February 27, 2023
Ikusiko dugu elkar laster. pic.twitter.com/Wi9PIiMKFa
Martinezek, 22 urtekoa bera, 2022tik zuen gutxienekoa lehiatzeko; hain zuzen ere, 110 metro hesidun proban, Europako titulua eta Ameriketako Estatu Batuetako Oregonen jokatutako Munduko Txapelketan brontzezko domina lortu zituenetik.
Arotzena (21 urte) eta Fernandez (20), ordea, Espainiako selekzioan daude. Hurrenez hurren, luzera jauzian eta 4x400 lasterketan ibiliko dira.