Kargatzen...
Itxi

Golfa

Schefflerrek The Players irabazi du eta munduko sailkapeneko lehen postua kendu dio Jon Rahmi

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Barrikako golf jokalariak ostiralean utzi zuen txapelketa, osasun arazo batengatik, eta orain munduko bigarren postuan dago, jokalari estatubatuarraren atzetik. The Players denboraldiko bosgarren txapelketa nagusitzat jotzen dute. Scheffler Augustako Masterseko egungo txapelduna da.

Scottie Schefflerrek The Players irabazi du, eta munduko sailkapeneko lehen postuan dago (EFE).

Scottie Scheffler golf jokalari estatubatuarrak The Players txapelketa irabazi du igandean AEBn, eta Jon Rahmi munduko sailkapeneko lehen postua kendu egin dio; hain zuzen, Rahmek ostiralean utzi zuen txapelketa, osasun arazo bat tarteko. The Players denboraldiko bosgarren txapelketa nagusitzat jotzen dute, eta Schefflerrek -17 egin du guztira, igandean 69 kolpeko txartela emanda, hiru parretik behera, bost birdie lortuta eta bi bogey eginda. Rahm, orain, munduko sailkapeneko bigarren postuan dago.

Schefflerrek, Augustako Masterseko egungo txapelduna bera, 2023ko bere bigarren txapelketa irabazi du, horrenbestez; izan ere, Phoenixen 2022an lortutako titulua berretsi zuen. Guztira, kirol ibilbidean, sei txapelketa bereganatu ditu, The Players barne: Arnold Palmer Invitational bat, WGC-Dell Technologies Match Play bat, Augustako Masters bat, Phoenixeko biak, eta The Players. Historian, soilik Jack Nicklaus eta Tiger Woods handiek zuten lortuta The Players irabaztea Augustako Masterseko egungo txapeldunak zirela.

Tyrrell Hatton britainiarra sailkatu da bigarren postuan, Schefflerrekiko bost kolpera, hamabi parretik behera eginda. Hirugarren postuan, Tom Hoge estatubatuarrak eta Viktor Hovland norvegiarrak berdindu dute, -10 eginda.

Rahmek ezin izan du munduko sailkapenean zuen lehen postuari eusteko borrokatu; ostiraleko jardunaldia hasi aurretik, txapelketa utzi zuen, osasun arazo batengatik. Ostegunean, The Playerseko lehen egunean, 71 kolpeko txartela eman zuen, bat hamarretik behera.

Euskal golf jokalaria otsailaren 19an jarri zen lehen postuan munduko sailkapenean. Orduan, Genesis Invitational irabazi zuen, Ameriketako Estatu Batuetan. Txapelketa horrez gain, Sentry Tournament of Champions eta The American Express txapelketak ere bereganatu ditu Rahmek denboraldi honetan.

Albisteak (1)