Atletismoa
% 76ko desgaitasun fisikoa duen Alex Roca atleta, munduko lehena egoera horretan maratoi bat bukatzen
EITB MEDIA
Atleta katalanak igandean lortu du balentria, Bartzelonako maratoian, 5:50:51 eginda. "Beldur diren edo euren burua helburu hori gauzatzeko gai ikusten ez duten pertsonek 'nik ere ahal dut' esan dezaten; horregatik erabaki nuen egitea", esan du.
% 76ko desgaitasun fisikoa duen Alex Roca atleta katalanak 2023ko Zurich Marató Barcelona amaitzea lortu du igandean, alegia, Bartzelonako maratoia, eta, horrenbestez, egoera horretan dagoen eta balentria hori erdietsi duen munduko lehen atleta da. Rocak, 32 urtekoa bera, bost ordu, 50 minutu eta 51 segundo erabili ditu ibilbidea amaitzeko: "Beldur diren edo euren burua helburu hori gauzatzeko gai ikusten ez duten pertsonek 'nik ere ahal dut' esan dezaten; horregatik erabaki nuen egitea", esan du.
"Muga zeuk jarriko duzu; helburu bat gauzatu nahi baduzu, zailtasunak gorabehera, zeure buruari proposatzen diozun guztia lortu ahal duzu, baldin eta badituzu jarrera egokia, borondatea, irmotasuna eta erresilientzia. Eta ez baduzu lortzen, dena emango zenuen, eta sarituta sentitu behar duzu", adierazi du Rocak.
Kirolariak desgaitasuneko % 76 pairatzen du, bai eta garun paralisia ere, soilik sei hilabete zituenetik; hain zuzen, entzefalitis biral herpetikoa jasan zuenetik. Horrez gain, oin bateko tendoietan hainbat ebakuntza egin dizkiote, horretan kurbadura oso handia zuelako, eta gorputzeko ezkerreko aldean mugikortasun urria du.
Bartzelonako maratoia amaitu aurretik, Rocak hauek ere zituen eginak: bost triatloi, akuatloi bat, bost maratoi erdi (Bartzelonan, 2019an, 2022an eta 2023an; Granollersen, 2023an; eta New Yorken eta Miamin, 2022an), 2019ko Titan Desert lasterketa eta 2018ko Pilgrim Race proba. Igandean, Bartzelonan, kilometroko zazpi eta bederatzi minutuko kadentzia markatu du: lehen bost kilometroetan, 7:49ko segida egin du (39:06, guztira); maratoi erdiraino, hau da, 21,097 kilometrora iritsi arte, kilometroko zazpi-zortzi minutu markatu du (7:35 zehazki, 2:48:30). 30. kilometroko aldapa "izugarria" gainditu duenean, lau ordu, lau minutu eta lau segundo zeramatzan (kilometroko 8:56 minutu, tarte horretan), eta 40. kilometroraino kadetzia horri eutsi dio.
Guztira, 10.863 atletak amaitu dute lasterketa; Roca 10.754. postuan sailkatu da. Gizonezko atletei erreparatuta, 8.651. postuan sartu da (8.723 iritsi dira helmugara).