Eskubaloia
Bidasoa Irun, garaile Anaitasunaren aurkako euskal derbian (27-31)
EITB Media
Irungo taldeak mendean hartu du Helvetia Anaitasuna 27-31ko emaitzarekin Asobal Ligako 23. jardunaldiko partidan.
Bidasoa Irunek bereganatu du garaipena Helvetia Anaitasunaren aurka (27-31) asteazken honetan, apirilaren 5ean, jokatutako Asobal Ligako 23. jardunaldiko euskal derbian.
Hasieran Anaitasuna izan da nagusi, eta Nafarroako taldeak bi goleko abantaila lortu du 10. minutuan (4-2). Etxeko taldeak errenta mantendu du 20. minutura arte (11-9), baina bost minutu beranduago hamabinako berdinketa jarri du markagailuan Bidasoa Irunek (12-12). Gainera, lehen zatiko azken bost minutuetan nagusi izan da Gipuzkoako taldea, eta Bidasoa Irun lau goleko errentarekin joan da atsedenaldira (13-17).
Bigarren zatiko lehen bost minutuen ostean, desabantaila murriztu du Anaitasunak (17-19), baina 45.minuturako berriz lau goleko abantaila erdietsi du Bidasoa Irunek (19-23).
Amaierarako hamar minutu falta zirenean hiru golera gerturatu da Anaitasuna, baina talde bisitariak ondo eutsi dio, eta, azkenean, Bidasoa Irunek irabazi du partida 27-31ko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
27 - Helvetia Anaitasuna (13+14): Juan Bar; Gaston (3), Edu (4), Bazan (3), Bonanno (-), Meoki (1), Ganuza (1)-hasierako taldea-Aitor Garcia (5), Goñi (1), Chocarro (1), Cancio (-), Redondo (2), Arthur (5), Castro (-), Pinto (2), Elustondo (1).
31 – Bidasoa Irun (17+14): Jakub, Cavero (5), Zabala (-), Aginagalde (4), Salinas (3), Pacheco (1), Nieto (4)-hasierako taldea-Ugarte (-), Gey-Emparan (4), Furundarena (-), Mujica (1), Da Silva (-), García (1), Gorka Nieto (5), Rodriguez (3).
Emaitza bost minutuan behin: 1-1, 4-2, 7-6, 11-9, 12-13, 13-17 (atsedenaldia), 17-19, 19-22, 19-23, 22-26, 24-28, 27-31 (amaiera).
Epaileak: Miquel Florenza Virgili eta Jordi Ausas Busquets. Da Silva Bidasoa Irungo jokalaria kanporatu dute.