GOLFA | AUGUSTAKO MASTERSA
Rahm lider jarri da Augustan, Hovland eta Koepkarekin batera, lehen jardunaldi aparta jokatuta
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Barrikakoak, parraz azpitik 7 kolpeko emaitzarekin amaitu zuen estreinako eguna, lehen zuloan egindako 'bogey' bikoitzari buelta emanda.
Jon Rahm bizkaitarra ostegun honetako balentriaren protagonista izan da Augustako Mastersean; izan ere, lehen zuloan egindako bogey bikoitzari buelta eman eta lider amaitu du lehen jardunaldia, Viktor Hovland norvegiarrarekin eta Brooks Koepkarekin berdinduta parraz azpitik 7 kolpera (65).
Aipatu legez, Rahmek ez zion ondo ekin ibilbideari, puttarekin arazoak izan baitzituen lehen zuloan, eta bogey bikoitza (+2) pilatu zuen bandera horretan (lau kolpe behar izan zituen green barruan pilota zuloan sartzeko). Dena dela, berehala utzi zuen atzean akats hori, birdie bana kateatu baitzituen bigarren eta hirugarren zuloetan.
Hortik aurrera, Barrikakoak igande honetan jaka berdea janzteko faborito nagusietako bat dela erakutsi zuen. Bost birdie gehiago (zazpi guztira egunean zehar) eta eagle bat egin baitzituen.
"Ez dut asko dramatizatu. Puttak ondo ibili dira, eta zegoen aldapaz ondo jabetu naiz. Arazoa abiadura baino ez da izan, eta hori putt asko egin ditudala berotze saioan. Ez da green erraza lehenengo zulokoa, eta Justin Thomas metro eta erdi motz geratu dela ikusteak nahasi egin nau", azaldu zuen bizkaitarrak.
After a double-bogey start, Jon Rahm recovered to shoot a seven-under 65. #themasters pic.twitter.com/3aCqedvMcn
— The Masters (@TheMasters) April 6, 2023
Beste bi golflari aritu ziren Rahmen pare Masterseko lehen jardunaldian. Alde batetik, Hovland, eguneko zati handi batean behin-behineko lider izatea lortu zuena, Rahmek harrapatu zuen arte. Norvegiarrak ez zuen bogeyrik egin, eta bost birdie eta eagle bat erdietsi zituen. Bestalde, Koepka estatubatuarrak ere bat egin zuen aipatutako biekin sailkapenaren buruan, zortzi birdie eta bogey bakarra egin ondoren.
Bi jokalari gehiagok osatu zuten 5 onenen zerrenda 67 kolperekin: Cameron Young estatubatuarrak eta Jason Day australiarrak.
Haien atzetik, beste zazpi golflari daude -4rekin, horien artean Scottie Scheffler egungo txapelduna, Xander Schauffele txapeldun olinpikoa, eta amateur bat, Sam Bennet, 2005ean Ryan Moorek egin zuenetik lehen hamarren artean sartu den lehendabizikoa.
Txema Olazabal hondarribiarrari, berriz, asko kostatu zitzaion egunari ekitea, bi bogey eta bogey bikoitza egin baitzituen hastapeneko hiru zuloetan. Ordutik aurrera, goraipatzeko moduko jarduna bete zuen golflari beteranoak, 77 kolperekin itxi baitzuen lehen ibilbidea.
Txema Olazabal, Augustako Mastersean. Argazkia: EFE