GOLFA
Carlota Cigandak hamabigarren amaitu du Chevron txapelketan, denboraldiko lehen "handia"
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Nafarrak garailearengandik bost kolpera amaitu du. Lilia Vu iparramerikarrak (-10) zulo bat gehiago jokatu behar izan du Angel Yinen aurka berdinketa hausteko.
Carlota Ciganda nafarrak hamabigarren postuan bukatu du igande honetan Chevron Txapelketan, Lilia Vu irabazlearengandik 5 kolpera, eta sentsazio gazi-gozoekin amaitu du denboraldiko lehen lehiaketa "handia".
Larraintzarkoak parra egin du laugarren eta azken jardunaldian (eagle bat, lau birdie eta sei bogey), eta parraren azpitik 5 kolpeko emaitzarekin amaitu du bere parte-hartzea.
"Nik uste dut badudala beharrezkoa den joko maila, eta zelai gogorrak ondo datozkidala. Zelai hauetan -10 eta -11ko emaitzekin irabazten da, eta onak dira niretzat. Beraz, saiatzen jarraitzea besterik ez da geratzen. Burua gora, eta aurrera", esan du Cigandak hedabideen aurrean.
Garaipena Lilia Vu estatubatuarrak bereganatu du, Angel Yin herrikideari berdinketa hausteko zuloan irabazita. -10 kolperekin amaitu dute biek txapelketako ohiko ibilbidea, eta, hala, berriro jokatu behar izan dute 18. zuloa. Zulo hori egiteko, 5 kolpe behar izaten dituzte, eta Vuk 4 baino ez zituen behar izan bolatxoa zuloan sartzeko. Aurkariak, ordea, 5 kolpe behar izan zituen.