Eskubaloia
Beti-Onakek mailari eustea lortu du, jaisteko play-offeko azken jardunaldian, eta Zuazo jaitsi egin da
EITB MEDIA
Nafarroako taldeak 27-26 irabazi du Granollersen aurka, Atarrabian. Zuazok, berriz, ez du berdinketatik pasatzea lortu Errioxaren kontra (21-21), eta maila gorenean jarraitzeko aukerarik gabe geratu da.
Gurpea Beti-Onak Azparren Gestionek mailari eustea lortu du, larunbat honetan, jaisteko play-offeko azken jardunaldian, eta Guerreras Iberdrola Ligan jarraituko du; Zubileta Evolution Zuazo Barakaldo, aldiz, Urrezko Ohorezko Mailara jaitsi da. Nafarroako taldeak 27-26 irabazi du Granollersen aurka, Atarrabian. Zuazok, berriz, ez du berdinketatik pasatzea lortu Errioxaren kontra (21-21), eta maila gorenean jarraitzeko aukerarik gabe geratu da.
Horrenbestez, Beti-Onakek, Zuazok baino puntu bat gehiago zuenak mailari eusteko ligaxkako azken partida jokatu aurretik, helburua gauzatu du, eta mailari eutsi dio; Bizkaiko taldeak, ordea, ezin izan du jaitsiera saihestu.
Emozioa eta urduritasuna izan dira nagusi Atarrabian eta Lasesarren, Beti-Onakek eta Zuazok denboraldiko lana baitzuten jokoan. Euskal Herriko bi taldeak modu desberdinetan iritsi dira azken partidara; Beti-Onakek, asteazkenean, aukera bikaina galdu zuen, helburua lortuta uzteko, Logroñon Errioxaren aurka galduz; Zuazok, ordea, garaipena eskuratu zuen Granollersen, eta, horrez gain, txapelketako azken txanpan bikain ibili da. Horregatik zuen itxaropena oraindik Bizkaiko taldeak, azken partidetan emaitza oso onak erdietsi baititu; orain, azken jardunaldian, Beti-Onakek baino emaitza hobea lortu behar zuen Guerreras Iberdrola Ligan jarraitzeko.
Bi taldeek partida gogorrak jokatu dute, eta aurkariek ez dizkiete gauzak batere erraz jarri. Beti-Onakek pultsu gogorra mantendu du Granollersen aurka, markagailuko lidergoa alde batetik bestera aldatuz joan den partidan.
Atsedenaldira golekin berdinduta iritsi dira (14-14). Bigarren zatian gauzak ez dira aldatu eta ezer ez zegoen ziurtatuta nafarrentzat. Azken minutuetan markagailuan azpitik zeuden, baina azkenean gogo biziz jardun dute partida irabazteko eta salbazioa ixteko (27-26).
Beste partidan, Zuazo Barakaldok agintzen hasi du partida. Errioxak ez zuen ezer jokoan, baina denboraldia gerra emanez itxi nahi izan du, eta behin baino gehiagotan berdindu du markagailua. Baina bizkaitarrak aurretik joan dira aldagelara (12-10).
Bigarren zatian gidoiak berdina izaten jarraitu du, eta horrek ez dio mesederik egin Zuazori, ez baitzuen abantailarik ateratzen. Horrela jarraitu dute azken txistura arte, berdinketak (21-21), eta beste norgehiagokaren emaitzak, jaitsiera sinatu dutenean.
Beraz, partidak amaituta, Beti-Onakeko jokalariek pozarren ospatu dute goreneko mailan jarraituko dutela; Zuazok maila hori berreskuratzeko helburua izango du hurrengo denboraldian.