Atletismoa
Faith Kipyegonek 1.500 metroko munduko marka ezarri du
EITB Media
Kenyako atletak 3 minutu, 49 segundo eta 11 ehunen behar izan ditu 1.500 metroko munduko errekorra ezartzeko, eta ia segundo bat hobetu du aurrekoa (3:50). Gainera, Kipyegon da 3 minutu eta 50 segundoko muga jaitsi duen lehen emakumea.
Faith Kipyegonek emakumezkoen 1.500 metroko munduko marka ezarri du Florentzian (Italia), Gala Dorada Pietro Menea Diamante Ligan erakustaldia emanda. Kenyarrak 3 minutu, 49 segundo eta 11 ehunen behar izan ditu marka egiteko, Genzebe Dibabarena (3:50) ia segundo bat hobetuta. Gainera, Kipyegon da 3 minutu eta 50 segundoko langa behera bota duen lehen emakumea.
Kenyako 29 urteko atletak erakustaldia eman du Florentziako Ridolfi estadioan. Orduko 24,8 kilometroko abiadura hartzera iritsi da, eta 58,81 segundoan egin du azken itzulia (400 metro).
Kipyegonek ia zortzi segundo atera dizkio bigarren postuan sailkatu den Laura Muir (3:57.09) Europako txapeldun britainiarrari. Hirugarren izan da Jessica Hull (3:57.29), Australiako errekorra ezarrita eta bere marka onena eginda.