Golfa
Jon Rahmek hamargarren postuan amaitu du Estatu Batuetako Irekia; Wyndham Clarkek irabazi du
EITB EUS
Barrikako golf jokalariak ondo bukatu du txapelketa; izan ere, -5ko txartela eman du azken jardunaldian. Munduko sailkapenean, Scottie Schefflerrek, AEBko Irekian hirugarren sailkatua bera, handitu egin du Rahmekiko duen aldea; bizkaitarra bigarren tokian dabil.
John Rahmek hamargarren postuan amaitu du, astelehen goizaldean, 2023ko Estatu Batuetako Irekia; Wyndham Clarkek irabazi du txapelketa. Barrikako golf jokalariak ondo bukatu du txapelketa hori; izan ere, -5ko txartela eman du azken jardunaldian, eta, guztira, -3 egin du. Munduko sailkapenean, Scottie Schefflerrek, AEBko Irekian hirugarren sailkatua bera, handitu egin du Rahmekiko duen aldea; bizkaitarra bigarren tokian dabil.
Horrela, titulua eskuratzeko aukerarik gabe zegoen arren, Rahmek bikain amaitu du AEBko Irekia, eta asteko bere txartelik onena eman du, parraz azpiko bost kolpe eginda: "Oso pozik nago, konfiantza nuen eta uste nuen horrelako txanda egin ahal nuela, konfiantza nuen nire jokoan. Oso ondo hasi naiz, eta eustea lortu dut; azken sei zuloak ez dira bat ere errazak", nabarmendu du.
Wyndham Clarkek bereganatu du garaipena; 29 urte ditu horrek, eta lehen aldiz irabazi du, horrenbestez, txapelketa handi bat. Azken eguna hasi aurretik, Clark lehen postuan zegoen, Rickie Fowler estatubatuarrarekin berdinduta, eta parra egin du igandean; guztira, -10 egin du. Rory McIlroy iparrirlandarrak estutu egin du Clark, baina azken horrek eutsi egin dio (McIlroyk, azken egunean, parra egin du, berak ere, eta guztira parraz azpiko bederatzi kolpe).
Munduko sailkapenean, Scottie Scheffler estatubatuarra dabil lehen postuan, batez beste 11.93 puntu dituela; azken bost txapelketetan, lehen bosten artean amaitu du. Rahmek 10.29 puntu ditu, eta McIlroyk, ordea, 9.24.