Europako Jokoak
Euskal Herriko 24 kirolari arituko dira, asteazkenetik, Poloniako Europako Jokoetan
EITB MEDIA
Krakovian eta Polonia Txikiko beste toki batzuetan jokatuko dituzte, uztailaren 2ra arte (Krakovia Polonia Txikiko hiriburua da). Hirugarren aldiz egingo dituzte Europako Jokoak, eta kirol batzuetan Europako Txapelketarako eta Olinpiar Jokoetarako tokiak izango dira jokoan.
Euskal Herriko 24 kirolari arituko dira asteazkenetik Polonian 2023ko Europako Jokoetan, Basque Teamek jakitera eman duenez. Krakovian eta Polonia Txikiko beste toki batzuetan jokatuko dituzte, uztailaren 2ra arte. Hirugarren aldiz egingo dituzte Europako Jokoak, eta 24 kirol modalitate izango dira guztira; horietako batzuetan, Europako Txapelketarako eta Parisko 2024ko Olinpiar Jokoetarako tokiak izango dira jokoan.
Testuinguru horretan, euskal kirolari ugari arituko dira Polonian lehian. Ion Galarza eta Unai Mendikote, 3x3 saskibaloian; Carlos Tobalina, Arantza Moreno, Maialen Axpe, Teresa Errandonea, Markel Fernandez, Manu Quijera eta June Kintana, atletismoan; Clara Azurmendi, badmintonen; piraguismoan, Maialen Chorraut, Miren Lazkano, Olatz Arregui eta Pau Echaniz, ur bizietako eslalomean, eta Iñigo Peña eta Nerea Garcia, ur bareetako abiaduran. BMX freestyle txirrindularitzan, Teresa Fernandez-Miranda ibiliko da, eta judoan, Eunate Etxebarria Bilbao eta Jaione Ekisoain. Zazpiko errugbiko taldean, Amaia Erbina, Lide Erbina eta Anne Fernandez de Corres arituko dira, eta taekwondoan, Jone Magdaleno eta Jon Andoni Cintado.
Teresa Fernandez-Miranda BMX freestyleko txirrindularia eta Nerea Garcia esprinteko piraguista gainerako euskal kirolari guztiak baino lehenago hasiko dira lehian, asteazkenean bertan; ostegunean, hilaren 22an, aurreko biez gain, Ion Galarzak eta Unai Mendikotek ekingo diote txapelketari, 3x3 saskibaloian; ostiralerako, aurreikuspenen arabera, Iñigo Peña eta June Kintana hasiko dira lehian, piraguismoan eta disko jaurtiketan.