Europako Jokoak
Andoni Cintado taekwondistak laugarren postua lortu du; Jone Magdaleno lehen kanporaketan kanporatu dute
EITB MEDIA
Cintadok Huseyin Kartal turkiarrarekin borrokatu behar izan du. Brontzearen lehian, turkiarra izan da nagusi. Bi jokotan nagusitu da, 6-8 eta 2-4.
Jon Andoni Cintado Basque Teameko taekwondistak 3. posturako borroka galdu du Huseyin Kartal turkiarraren aurka, eta, ondorioz, laugarren geratu da Krakovian jokatzen ari diren Europako Jokoetan.
Zeberiokoak Antonio Gerrone italiarra gainditu du 80 kilotik beherako kategorian. Final-laurdenetan, Kasra Mehdipournejad irandarrarekin neurtu ditu indarrak. Hurrengo kanporaketara pasatu da, eta Edi Hrnic danimarkarra izan du aurkari finalerdietan. Cintadok 2-1 galdu du Europako txapeldunordearen kontra.
Porrot horren ostean, Cintadok Huseyin Kartal turkiarrarekin borrokatu behar izan du. Hirugarren posturako borrokan, Kartal izan da nagusi. Bi jokotan nagusitu da, 6-8 eta 2-4.
Bestalde, Jone Magdalenok ez du bere lehen borrokaldia gainditu Krakovian jokatzen ari diren Europako Jokoetan. Final-hamaseirenetan galdu du, 62 kilotik beherako kategorian, eta txapelketatik at geratu da.
Bilboko taekwondistak Aaliyah Jadine Powell britainiarra izan du aurkari, Bakun (Azerbaijan) jokatutako Munduko Txapelketan brontzezko domina lortu zuena, eta ezin izan du garaitu. Powellek 0-3 irabazi du lehen errondan eta 1-5 bigarrenean.
Porrotaren ostean, Jonek errepeskan sartzeko aukeraren zain egon behar izan du, baina ez du lortu, Powellek finalerdietan galdu egin baitu Sarah Chaari belgikarraren aurka.